Donibane Garazi ()

Frantsesenia lizeoak ate idekiak antolatuko ditu azaroaren 21ean

Garazi-Baigorriko Frantsesenia lizeoak lau formakuntza sailak ezagutzeko parada eskainiko du ate idekien bidez. Lehen hitzordua azaroaren 21ean izanen da, eta beste bi hitzordu ere finkatuak dituzte, urtarrilean eta martxoan.

Frantsesenia lizeoak ate idekiak antolatuko ditu azaroaren 21ean
Frantsesenia lizeoko SAPAT saileko 4 ikasle. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/11/19 11:10

Donibane Garazin den Frantsesenia lizeoak ate idekiak antolatuko ditu 2027ko sartzea prestatzeko. Azaroaren 21ean, urtarrilaren 22an eta 23an, eta martxoaren 13an eginen dira bisitak. Lizeoa ezagutzeko, formakuntzen berri ukaiteko eta erakasleekin mintzatzeko parada izanen dute ikasleek eta haien familiek.

Iban Erguy zuzendariak azaldu duenez, lau formakuntza sail eskaintzen ditu lizeoak: laborantzako baxo profesionala, SAPAT saila, harrera lanbideetako formakuntzak eta haurtzaro saileko CAPa.

Ikastaldi arratsaldeak ere bai

Ate idekiez gain, lizeoak beste manera bat proposatzen du ikasleek bertako formakuntzak ezagut ditzaten. Ikasturtean zehar, kolegioetako hirugarren mailako ikasleek ikastaldi arratsaldeetan parte hartzen ahalko dute.

Hala egin zuen joan den urtean Manoli Zarzabalek. Orduan, Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan ari zen ikasten, eta Frantsesenian antolatutako ikastaldi arratsalde batean parte hartu zuen, SAPAT sailean. Esperientzia horrek sail horretan segitzeko gogoa piztu zakon. «Nik maite dut jendearekin mintzatzea eta jendea artatzea. Erizaina izan nahi dut, ahalaz adinekoekin lan eginez», azaldu du Manolik.

Interesgarri izanen zaizu