Frantziako Mus Federazioak urtero mus txapelketa antolatzen du: txapelketa orokorra, emazteena eta gazteena. Aurtengo finalak apirilaren 6an jokatuko dira, bazko astelehenez, Irisarriko Airoski gelan.
Mus karta jokoa euskal kulturan errotik barnatua den jokoa da. Binaka, ekipaka, jokatzen da, espainiar kartekin, eta lau alditan: handiak, ttipiak, pareak eta jokoa. Joko hunek xarma berezia du, ekipako kideen arteko konplizitatea ezinbestekoa delako, eta “arriskuak” hartzen direlako ere, kontrakoei karta onak badirela sinestarazteko.
Euskal Herrian biziki preziatua den joko hau, haratago ere zabaltzen da. Euskal emigranteek munduko bazter guzietara eraman dute, bereziki Ipar eta Hego Ameriketara, Europara eta Australiara.
63. mus txapelketa, urtarriletik goiti
Frantziako Mus Federazioak 63. mus txapelketa antolatzen du urtarriletik goiti. Finalak apirilaren 6an iraganen dira Irisarriko Airoski gelan. Hiru txapelketa izanen dira:
Txapelketa orokorra, deneri idekia, emazte bikoteei, gizon bikoteei eta bikote mistoei. 13 kantonamendutan jokatuko da, ehun bat zentrotan eta Euskal Etxe zenbaitetan. Finalerako 52 ekipa sailkatuko dira.
Emazteen txapelketa, Senperen eta Urdiñarben hasten da urtarrilaren 25ean eta finalerako 8 ekipa kalifikatuko dira.
Gazteen txapelketa, 21 urtez petikakoentzat otsailaren 21ean hasiko da. Partidak Donazaharren, Hazparnen eta Senperen egiten ahalko dira. Finalerako 8 ekipa sailkatuko dira.
2025ean, 1.900 ekipek parte hartu zuten Frantziako mus txapelketan. Txapelketa nagusia irabazten duen ekipak munduko txapelketan parte hartuko du. Txapelketa hori urtero aldizka antolatzen da, Ipar Amerikan, Hego Amerikan edo Europan. 2026an, Bizkaian iraganen da, abenduaren 5etik 13ra.