Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Oroitaraziko dute frantziskotarrek Donapaleun mende erdiz utzi zuten herexa, kanporatu zituzten arte

Donapaleuko Bideak kultur guneak badu beste iragan bat ere: kasik hirurogei urtez bizi izan baitziren han frantziskotarrak, kanporatu zituzten arte. Gertatutakoa oroitaraziko dute urriaren 25ean, Zabalik elkarteak antolaturik.

Oroitaraziko dute frantziskotarrek Donapaleun mende erdiz utzi zuten herexa, kanporatu zituzten arte
Donapaleuko Bideak gunearen murruek Xabier Egaña frantziskotarraren obra daramate. AMIKUZEKO IRRATIA
Ainize Madariaga
2025/10/24 08:00

Urriaren 25ean, Donapaleuko Bideak kultur gunea bere iraganari so egonen da, frantziskotarren presentzia gogora ekarriz. Kasik hirurogei urtez bizi izan ziren han fraideak, 1851tik 2006ra, eta heien herexa sakona utzi zuten bai herriaren bizitzan, bai eskualde osoan. Gertatutakoa oroitarazteko, Zabalik elkarteak antolatu du jardunaldia, Frantziskanoen presentzia 1851-2006 izenburupean.

Mende bat eta erdiz, frantziskotarrek Donapaleuko paisaia sozial eta kulturala markatu dute. Bereziki XX. mendearen bigarren erditik aitzina, Euskal Herrian borrokan ari ziren mugimenduei ateak zabaldu zizkieten: sozialak, sindikalak, zibilak, politikoak nahiz kulturalak, nehor baztertu gabe. Fraideek herriari biziberritzea eman nahi izan zioten, klerikalismoaren hierarkia hautsiz, eta gogoeta eta ekintza espiritualerako taldeak animatuz (Gizona Gizon, Justice et Paix, Amnesty International…).
Aldi berean, euskararen eta bertsolaritzaren irakaskuntzan, poesia sorkuntzan eta Herriz Herri astekariaren sustapenean ere parte hartu zuten.

Etxeak ateak beti idekiak zituen: etxegabeei, ibiltariei, joak ziren emazteei, gazteei eta beilariei aterpea eta janaria eskainiz. Elkartasunaren eta hurbiltasunaren etxea izan zen Donapaleuko komentua.

Denborarekin, fraideak gutxituz joan ziren, eta horren ondotik, Zabalik elkartea sortu zen etxean egiten ziren animazioak segitzeko xedez. Hala ere, denborarekin kongregazioko arduradunen eta orduko Herriko Etxearen erabakiek ateak hetsi zituzten, eta komentua hutsik erosi zuen herriak. Zabalik elkartea bazterrean gelditu zen, eta Bideak proiektua abiatu zuen Herriko Etxak, gaur egun kultur gune den hori.

Urriaren 25ean, arratsalde osoko egitarau izanen da Bideaken:

  • 15:00etan, “Zabalik hetsi zuten!” izeneko solasaldia, frantziskotarren azken urteak eta gertakariak oroitzeko.

  • 17:00etan, krakada bat eskainiko da.

  • 18:00etan, Pello Sarasuarena den “Arantzazu” dokumentala emanen dute, garaiko lekukotasunekin.

Interesgarri izanen zaizu