Larzabale-Arroze-Zibitze (Baxe Nafarroa)

Freeperia antolatu du Baipeleteniak Larzabalen urriaren 24an

Urriaren 24an, larunbatez, freeperia eginen dute Larzabaleko Ezpeletenia ostatuan, Baipeletenia elkarteak antolaturik. Jantziak, jostailuak eta apaingarriak berriz erabiltzeko parada izanen da, 15:00etatik goiti. Ondotik, burger gaua izanen da.

Freeperia antolatu du Baipeleteniak Larzabalen urriaren 24an
Baipeletenia elkarteko Uxue Olaziregi, Andregoto eta Jone ikasleek elgarrizketaturik. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/10/21 10:35

Duela lau urte Maialenek eta Jeremik Larzabaleko Ezpeletenia ostatua berriz ideki zutenetik, Baipeletenia elkarteak kultur hitzorduak eta animazioak antolatzen ditu Oztibarren. Ostatua kultur eta animazio gune bilakatu da, eta horren segurtatzeko lan handia behar da. Horregatik, elkarteak langile bat hartzea erabaki du. Uxue Olaziregi joan den astean hasi da koordinazio eta komunikazio lanetan, eta bere lehen hitzorduetako bat izanen da larunbateko freeperia.

Erabiliak berriz baliatzeko

Freeperiak jantziak, jostailuak eta apaingarriak merke erosteko parada emanen du. Helburua da oraindik baliagarri diren gauzek beste bizi bat ukan dezaten, armairuetan ahantzirik gelditu edo botatua izan beharrean. Mahai bat atxiki nahi dutenek 14:00etan joan beharko dute Ezpeletenia ostatura. Erosleak, berriz, 15:00etarik goiti hurbil daitezke.

Freeperiaz gain, burger gaua antolatu dute arratsalde iluntzerako. Lau burger mota proposatuko dituzte, eta arrakasta gehien biltzen duenak Ezpeleteniako kartan sartzeko aukera ukanen du. Argibide gehiago behar dutenek 00 34 688 69 59 40 zenbakira dei dezakete.

Baipeleteniak beste kultur hitzordu batzuk ere iragarri ditu: azaroaren 13an kontzertu-afari gaualdia eginen dute; azaroaren 20an, Ernesto Praten ‘Muga hetsien hegalak’ liburuaren aurkezpena; eta abenduaren 5ean, multimedia merkatua eta zinema gaualdia.

 

Interesgarri izanen zaizu