Aurten Amikuzeko kolegioak 308 ikasle biltzen ditu, 27 irakaslerendako, kopuru egonkorrak azken urte hauetan. Aurten elebidunen kopurua nehoiz baino handiago da. Horrez gain, gaitasun sozio psikologikoak garatuko dituzte ikasle berriek.
Aurten Amikuzeko kolegioak 308 ikasle biltzen ditu, 27 irakaslerendako. Kopuru horiek egonkorrak dira azken urte hauetan, eta ekipa pedagogikoa berdintsua izanen da aurten. Alde horretan ez baldin bada aldaketa handirik izan sartze honetan, egoitzen aldetik berrikuntza gehiago izan dira aurten. Iaz, urte osoan obrak pilatu ziren, ikasle eta irakasle guzier gela eta bizi toki berrien eskaintzeko. Lanak tenorean bukatu zituzten, eta sartze honetan arramoldatze ttipi bazuk baizik ez dira gelditzen.
Horrez gain, aurten geletan izanen dira berrikuntza nagusiak. Alde batetik elebitasunak geroz eta ikasle gehiago erakartzen ditu. Aurtengo seigarrenen 80tarik 29k euskara ikasiko dute, baita Historia Geografia ere euskaraz landuko dute. Orain arte gela batean ezartzen ahal baldin bazituzten ikasle euskaldun guziak, aurten bi gelatan banatuak izanen dira kopuruaren emendatzeari begira.
Beste aldetik, gaitasun sozio psikologikoak garatuko dituzte seigarren guziek. Delphine Bonvoisin kolegioko zuzendariaren arabera, kurtso horrek lagunduko ditu estresa eta emozioak kudeatzen, beste ikasleekiko kokatzen, harremanak ontsa eraikitzen eta haien baimena segurtatzen.