Xabi eta Antton Oxandabarats anaiek apirilean saldu zuten sukaldeko mubleetan berezitua den enpresa. Anaiek eraikina eta lurrak atxiki dituzte, baina aktibitate komertziala Hiriburuko Franck Reghenaz enpresariak eskuratu du.
33 urteko historia
Pago enpresa 1993an sortu zen, Oxandabarats anaien aita zen Jean Claude Oxandabaratsen eskutik. Hastapenean uztarriak ekoizten zituen. 1998an, Xabi Oxandabarats proiektuan sartu zelarik, deia langile bat bazen. Antton anaiak segitu zuen lau urte berantago; ordurako bospasei ziren. Azken hogei urteetan, Lakarratik mugitu eta Gamarten eraiki dute tailerra. 35 bat langile ditu.
Gaur egun, Pagok ez ditu uztaiak bakarrik saltzen: sukaldeko mubleetan berezitua den enpresa hunek Frantzia guzian saltzen du bere materiala. Aktibitate zentro nagusia Ipar Euskal Herrian du hala ere. Azken bost urteetan 400 sukalde, 500-600 armairu eta 200 bainu gelako muble inguru saltzen ditu urtero.
Gamarteko tailerraren kontra saltegi bat dute, eta bigarren bat eraiki zuten 2020an Baionan, barnekaldeko produktuak kostaldera eramaiteko.
Esku aldaketa
Hala ere, Oxandabarats anaiek enpresa saltzeko erabakia hartu dute aurtengo apirilean. Antton Oxandabaratsek esplikatzen du sekula baino lan gehiago zutela, eta akidurak eraman dituela hautu horren egitera. Hala ere, eraikina eta lurrak beti horienak dira, eta enpresan parteak ukaiten segitzen dute.
Aktibitate komertzialaren jabe berria Franck Reghenaz da, Hiriburuko Aïtora enpresaren burua. Eraikuntzan formatua izan da, eta enpresagintzan lan desberdinak ukan ditu orain arte: ripcurl eta decathlon bezalako marken kudeatzaile izan da, bere kondu arropa marka bat sortu du, beti ere eraikuntzaren munduari adi egonez. Antton Oxandabaratsek erran duenez, apiriletik zortzi enplegu berri sortzea lortu du Gamarten. Landesetan edo Pau inguruan saltegi berriak idekitzeko proiektua ere bada.
Enpresaren izaera ez da aldatzen
Salmenta buruturik ere, Pago ez da hainbeste aldatuko. Antton Oxandabaratsek argi utzi du enpresaren helburua ez dela aldatu, eta beti enpleguak sortzea eta handitzea dela. Sukaldeko mubleen ekoizpena ere ez da aldatuko, ezta enpresaren izena ere.
Hau nabarmendu du jabe ohiak: “ez da uste ukan behar Pago talde potolo bati saldua izan dela, eta Alemanian ekoitziak diren mubleekin hasiko girela. Pagoren indarra betidanik izan da kalitatea egitea eta barnekaldean ekoiztea; eta giro hortan segitzeko manera du.”