Euskal Elkargoko Garazi-Baigorri lurralde eremuko lehen bilkuran, hautetsi berrien instalazioa egin dute eta Tokiko Hirigintza Planaren inguruko suprefetaren errekurtsoa izan da eztabaidagai nagusia.
Garazi-Baigorri lurralde eremuak 30 herri biltzen ditu, eta biztanleriaren arabera, orotara 42 kontseilari ditu Euskal Elkargoan. Azken herrietako bozen ondorioz, aldaketak badira: 30 herrietatik 13tan auzapez berriak hautatu dituzte, eta horrek lurralde batzordearen osaketa berritzea ekarri du. Apirilaren 13an eta 20an egin zituzten instalazio bilkurak, eta orduan hautatu Euskal Elkargoan lurraldea ordezkatuko zuten kideak nortzuk izanen ziren.
Aitzineko agintaldian bezala, bi ordezkari ariko dira Elkargoko exekutiboan. Gilbert Oçafrain Aintzileko auzapeza lurraldearen animatzailea izanen da eta herrien bai eta Elkargoaren arteko loturak sustatuko ditu. Antton Curutcharryk, berriz, euskararen eta kulturaren arduradun gisa segituko du lehendakariorde karguan. Horrez gain, Batzorde Iraunkorrean ariko diren lau ordezkariak ere izendatu dituzte: Gilbert Oçafrain (Aintzile), Antton Curutcharry (Baigorri), Xole Aire (Urepele) eta Anita Lopepe (Ainhiza-Monjolose).
PLUIaren inguruko arrangura: suprefetak errekurtsoa aurkeztu du
Lehen bilkurako gai nagusia Hego Baxenabarreko Tokiko Hirigintza Plana (PLUI) izan da. Plan hori aitzineko agintaldiaren azken hilabeteetan onartu zuten aho batez 44 herrik: Garazi-Baigorriko 30ek, Iholdi-Oztibarreko 13k eta Pagolak. Herri guzien adostasunez onartutako plana indarrean sartu zen martxoan.
Hala ere, suprefetak ez du planaren zonbait alderdirekin bat egiten eta administrazio-errekurtsoa aurkeztu du. Bere ustez, eraikigarri izendatutako lur kopurua handiegia da.
Antton Curutcharryk azaldu duenez, Elkargoak beste kalkulu metodologia bat erabili du, tokiko beharrei egokitua, eta heldu diren asteetan erantzun zehatza emanen dakote Estatuaren ordezkariari. Suprefetak erantzun hori aztertu ondoren erabakiko du auzia administrazio auzitegira eramanen duen ala ez.
44 herriren adostasuna arriskuan
Curutcharryk azpimarratu du erdietsitako adostasuna berezia izan dela. Ez da ohikoa 44 herrik hirigintza plan baten inguruan aho batez bat egitea, eta horregatik arrangurarekin ikusten dute plana berriz abiatu behar izateko aukera. Bere hitzetan, prozesu osoa berriz hasi beharko balitz, agintaldi huntan adostasuna berritzea anitzez zailagoa izan liteke.