Sartze huntan kirola hasteko edo berriz hartzeko parada izan daiteke Garaziko Cyclo Club-ekin. 30 bat lagun biltzen ditu taldeak, gehienak erretretan direnak, eta igande goiz guziez ateraldiak antolatzen dituzte, bakoitzaren mailara egokiturik.
Garaziko Cyclo Club-ek bizikletaz ibiltzeko taldean hasteko parada eskaintzen du. Igandero, goizeko 7:00etan abiatzen dira eta eguerdi arte ibiltzen, 80 bat kilometroko ibilbideetan. Bi talde osatzen dituzte, mailaren arabera, bakoitzak bere erritmoan aitzina egin ahal izateko.
Mattin Idieder duela zortzi urte hasi zen bizikletan, bakarrik. Iaz sartu zen Garaziko Cyclo Club elkartean, eta taldean ibiltzearen abantailak nabarmendu ditu: «Taldean fiteago eta urrunago joaten zira. Eta, gainera, gure artean badugu biziki giro goxoa, diskutan artzeko ere». Ateraldi bakoitz 80 bat kilometro egiten dituzte, 1.500 bat metroko desnibelarekin gutxi gora behera. Ibilbidea eta erritmoa taldearen arabera egokitzen dituzte
Igandeetako ateraldiez harago
Bizikleta taldeko jarduerak ez dira igande goizetara mugatzen. Udan, astebetez elgarrekin joaten dira bizikletaz ibiltzera. Aurten, Creuse aldera joan dira, eta Mont Ventoux ezaguna ere bizikletaz igan dute. 1.900 metroko tontorreraino arribatu dira. Mattin Idiederren hitzetan, «luzea da, kokina da, sufritu dut, baina egin dut».
Taldeko kide gehienak erretretan badira ere, bizikletan hasi nahi duen edonorentzat idekiak dira ateak. Kirola egiteaz gain, ateraldietan lagunarteko giroaz gozatzeko parada ere bada. Garaziko Cyclo Club-en egoitza Donibane Garaziko lehengo musika eskolako prefabrikatuan da. Taldean sartzeko interesa duenak cycloclub.garazi@gmail.com helbidera idatz dezake.