Donibane Garazi (Baxe Nafarroa)

Garaziko mendi sindikatuan, Henry Inchauspé Buztintzeko auzapezak segituko du presidengoan

Sindikatuaren ondoko urteetako erronka nagusia izanen da bortuak eta etxolak bizirik atxikitzea, gero eta artzain gutiago baita Garaziko mendietan.

Garaziko mendi sindikatuan, Henry Inchauspé Buztintzeko auzapezak segituko du presidengoan
Ardi buru beltzak Behorlegiko pentze batean - IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/04/29 12:16

Herriko bozen ondotik, Garaziko 20 herrietako sindikatuko ordezkariek bigarren aldikotz Henry Inchauspé hautatu dute president karguarentzat (19 boz alde, eta bat xuri). Lehendakari orde Eiheralarreko Paxkal Gezainburu da, eta bigarren ordezkoa Estebe Ouret Aintzildarra.

Garaziko mendi sindikatuak kudeatzen dituen eremuetan, hamazazpi mila hektarea dira orotarat, horietan 3500 ha oihan. Eta kabala kopurua nunbait mantentzen balin bada, arrangura artzainen kopuru aldetik heldu dela esplikatu dauku Henry Inchauspé presidentak : “aurten baditugu 3 etxola hutsik, eta sekulan ez da artzainen kopurua hain apal izan”. Duela bospasei urte 330 artzain kondatzen ziren, gaur egun 290bat. Eta gero hurbil batean "7-8 artzainek erretreta hartuko dute eta segidarik ez dute".

Hala ere mendia baliatua da, kabalen kupurua mantentzen baita. Gaur egun 53 mila ardi kondatzen dira Garaziko bortuetan, 3000 behi eta 800bat zaldi.

Mementuan sindikatuak eremaiten ari den obra nagusia Behorlegiko Xilardoi iturrian da. Hortik mendira ura tiratzeko hodiak ezartzen ditu sindikatuak, kabala edangietan ez ura eskasteko uda huntan. Oratarat 450 mila euroko diru inbersioa. Jakin behar da 2022an milio bat ur pinta kamionez karreatu behar izan zituztela, eta jaz 700 mila ur pinta.

Sindikatuak kudeatzen duen Iratiko Etxola ostatu-erakusketa-gasna saltze tokia ere helduden maiatzean ideki behar litzateke helduden larrazkena arte.

Interesgarri izanen zaizu