Donibane Garaziko Vauban zine gela ohiko ordutegietara itzuliko da aste huntarik aitzina. Uda sasoin ona izan ondotik, Garazikus elkarteak zine topaketak ere berriz abiatuko ditu, film eta solasaldi bereziekin.
Udan ikusle anitz bildu ondotik, Garazikus elkarteak ohiko ordutegietara itzuliko ditu proiekzioak, eta zine topaketak ere berriz eskainiko ditu irailean. Elkarteko Ger Etxeverriaren arabera, udako sasoinak emaitza onak izan ditu, besteak beste jendea zinemara erakarri duten hainbat film arrakastatsuri esker. «Film motore» deitzen dituen horietarik izan dira ikusgai, hala nola Odyssée edo haurrentzat Vaiana.
Lehen zine topaketa irailaren 12an
Zine topaketak ere berriz abiatuko dira irailean. Formatu berean eginen dira: gai jakin baten inguruko film baten proiekzioa, eta ondotik, solasaldia. Lehen hitzordua irailaren 12an izanen da, Quand l’amour prend corps filmarekin. Thierry Malandain Biarritzeko dantzari eta koreografoari buruzko lana da. Proiekzioaren ondotik, filmaren egilearekin solastatzeko parada izanen da.
Irailaren 17an, Hego Ameriketako Latino Festibalaren kari, La hija del cóndor erakutsiko dute. Filmaren istorioak Quechua emazte haurdun baten urratsak segitzen ditu. Proiekzioaren ondotik ere solasaldia izanen da.
Beste gaualdi berezi bat irailaren 19an iraganen da, SPK argazki festibalaren kari. Put Your Soul on Your Hand and Walk filma ikusgai izanen da, «zure arima esku artean ezarri eta jo aitzina» erran nahi duena. Gaza-tik zuzenean lanean ari den argazkilari kazetari baten inguruko filma da. Zine topaketa guziak 20:00etan hasiko dira.
Film sarituak eta film misteriotsua
Zine topaketez gain, Garazikusek ohiko film hedapenekin segituko du urte osoan. Sartze huntan, besteak beste Fjord eta Soudain. Hilabeteko lehen asteleheneko film misteriotsuaren gaualdiak ere segituko dute. Elkarteko bi kidek film bat hautatzen dute, baina ikusleek ez dute jakiten zoin den, proiekzioa hasi arte.