Donibane Garazi (Baxe Nafarroa)

Garazikus elkarteak zine topaketa sail berria abiatzen du azaro eta abenduko ostegun arrats guziez

Garazikus elkarteak zinemaren bidez gogoeta eta elkarrizketak sustatu nahi ditu, eta azaro-abenduko zine topaketek ikuspegi ainitz eta aberasgarriak eskainiko dituzte, pentsamendu, arte eta gizarte gaien inguruan.

Garazikus elkarteak zine topaketa sail berria abiatzen du azaro eta abenduko ostegun arrats guziez
Garazikus elkarteko Ger Etxeverria - IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2025/11/13 16:42

Orotarat zazpi zine topaketa izanen dira urte ondarra arte: lau azaroan eta hiru abenduan; eta eguberriko opor garaiko programazio berezia ere iragarri dute antolatzaileek.

Lehen hitz ordua: azaroaren 13an

Jiddu Krishnamurti filosofo espiritualari buruzko dokumentala aurkeztuko da. Krishnamurtik meditazioaz, giza harremanez eta ezagutzaren zentzuaz hitz egin eta idatzi zuen bizitza osoan zehar. Hunen ezagutzeko parada izanen da beraz dokumentalean. Eta proiekzioaren ondotik, solasaldia izanen da Marie Pierre Telletxearekin (Alaia elkartekoa). Gainera, Julie Arnaudaud, Donibane Garaziko prentsa eta liburu dendakoak, liburu berezi batzu aurkeztuko ditu gaualdi hortan.

Azaroaren 20an: zinemaren jatorrietara bidaia

Bigarren saioan, azaroaren 20an, “Lumière, l’aventure continue” dokumentala eskainiko da, zinemaren sorkuntzaz eta bilakaeraz ari dena. Ondotik, Marie Charlotte Téchené zinemagintzako doktorea izanen da gonbidatua.

Azaroaren 21ean: euskal zinemaren aldia

Asier Altunaren “Karmele” filma hedatuko da. Egilea bera hor izanen da filmaren ondotik mintzatzeko.
“Karmele” fikzio historikoa da, gerla zibilean kokatua eta amodiozko istorio hunkigarria kondatzen duena. Aktore nagusiak Jone Laspiur eta Eneko Sagardoi dira, Euskal Herriko zinema eszenako izen ezagunak.

Azaroaren 25ean: emazteen kontrako bortizkeriaren eguna

Azaroaren 25ean, emazteen kontrako bortizkerien eguna kari, “Aux jours qui viennent” filma hedatua izanen da. Ondotik, Erran eta Bizi elkarteko kideekin solasaldia proposatua da.

Abenduko programazioa

Abenduan, beste hiru zine topaketa antolatu dira, beti ere ostegunetan, gaueko 8etan. Gonbidatuen artean izanen dira Thomas Lacoste, Laurence Fleury (mendiak) , eta Agnès Bizkaixipi (maputxe).

Azkenik, Eguberriko opor garaiko programazio berezia ere prestatu dute, ikuslegoarentzat sorpresa eta aniztasuna bermatuz.

Zine gaualdi guziak 8tan finkatuak dira, ondotik solasean lasai ibiltzeko sobera berant bururatu gabe.

Interesgarri izanen zaizu