XII. mendetik, urtero uztailaren 31n eta agorrilaren 1ean antolatzen den Garruzeko feriak berriz ere hitzordua emanen du aurten.
Urtez urte bezala, lehen eguna zaldiari itzulia izanen da osoki. 7:00etatik goiti, zaldiak, pottokak, mandoak, astoak erosi eta salduko dira. Agorrilaren 1ean, aldiz, behiak eta gainerateko azienda handia izanen da ikusgai. Bi egunetan, laborantxako maxina berrien eta okasionezkoen erakusketa bat apailatuko da.
Feriaren arrakasta, halaber, 80 bat laguntzaileen lanari esker da. Lepoko zapi gorria soinean, bisitariak eta erakusleak harrera beroarekin errezibitzen dituzte urtero.
Besta giroa eta animazioak
Bestalde, giroa ez da merkataritzara mugatuko. Goizetik hasita tripakiak eta arroltze moleta eskainiko dira askaiteko, eta aingirak eguerditan eta arratsean. Egitarauan: pilota partida uztailaren 30ean 18:00etan, Florian Mendiburu eta Antton Amulet ariko dira Peio Ascona eta Amaiur Jauregiren kontra. Artzain xakur lehiaketa uztailaren 31n 17:00etan, mutxikoak, dantzaldiak, musika eskolaren musikaldiak eta haurrendako jokoak bi egunetan.
Feria goizeko 7:00etan idekiko da. Sartzea urririk izanen da. Aparkalekua 3 eurotan eskainiko da, eta handik feria tokirat joateko autobusa urririk ibiliko da.