Gaiak ez ziren eskas ekaineko Donapaleuko kontseiluan: araudiak, kontratu-izenpetzeak, esperientzia berriak eta heldu diren hitzorduak izan ziren aipagai.
Ekaineko Donapaleuko herriko kontseiluan hainbat dosier garrantzitsu aztertu dituzte. Arrabotuko gelaren erabilera arauditik hasi eta Seaskarekin izenpeturiko hitzarmeneraino, hainbat erabaki hartu dituzte hautetsiek. Baina aipagai nagusi bat Punpa gunean abiatu duten ingurumen esperientzia izan da: gau-enarentzako kabiak ezarri dituzte, eltxo eta mustiken kopurua murrizten lagun dezaketelakoan.
Arrabotuko gelaren erabilera arautzeko dokumentua
Kontseiluak arrabotuko gelaren barne araudia aurkeztu du. Dokumentua bereziki gela gehien erabiliko duten elkarteei helarazi zaie, hala nola pilota elkarteari eta Amikuzeko Ikastolari. Araudiak gelaren erabilera baldintzak zehazten ditu, erabiltzaile guziek espazioa behar bezala zaindu eta erabil dezaten. Herritarrek dokumentua herriko etxean kontsultatzeko parada dute.
Larrialdi egoeretarako babes plana prestatzen
Herriko etxea, bestalde, babes plan bat osatzeko lanean ari da. Prefeturak galdegiten duen dokumentu horren helburua da larrialdi edo ezohiko egoera baten aitzinean hartu beharreko neurriak eta erantzukizunak argi finkatzea. Kontseilu berriak lanaren parte handi bat egin du jada, baina azken zuzenketak falta dira oraindik plana Prefeturari aurkeztu eta onar dezan.
Seaskaren lizeoarentzat lursail bat
Kontseiluak Seaskarekin loturiko hitzarmen bat ere onartu du. Horren bidez, administrazio-kontratu enfiteutiko bat izenpetuko dute, herriko lursail baten baliapena Seaskaren esku uzteko. Hitzarmena 60 urterako eginen da, urtean euro bateko alokairu sinbolikoarekin. Lurra Seaskaren lizeoaren beharretarako erabiliko da, eta egitasmoaren helburua aldatuko balitz, lursaila herriaren eskuetara itzuliko litzateke.
Gau-enarak, intsektuen kontrako aliatu naturalak
Kontseiluan aurkezturiko ekimen bitxienetako bat Punpa gunean abiatu dute. Herriko langileek egin kabiak ezarri dituzte gau-enarentzat, hegazti horiek eltxo eta beste intsektu hegalari anitz jaten baitituzte. Esperientziaren helburua da ikustea ea metodo natural eta merke horrek inguruko intsektuen presentzia murrizten lagun dezakeen.
Udako hitzordu nagusiak hurbiltzen
Heldu diren asteetan hainbat ekitaldi izanen dira Donapaleun. Ekainaren 23an Jondane Johane bezperako suak piztuko dituzte. Antolaketa Donapaleu, Uharte-Hiri eta Ostankoko herrien artean egiten ari dira. Ekainaren 28an eta 29an, berriz, margo lehiaketa iraganen da. Xehetasun gehiago nahi dituztenek Bideak gunera hurbil daitezke.
Udako egitarauaren momentu nagusietan, Donapaleuko bestak izanen dira. Uztailaren 24tik 28ra ospatuko dituzte, azken urteetan arrakasta izan duen antolaketa moldeari segida emanez.