Udako idortearen ondotik, gaztainadi batetik bestera, uzta biziki ezberdina izan da aurten. Gainera gaztainak ttipiagoak eta idorragoak izan dira orokorki. Urean ezarri eta onak txarretarik berexteko tenorean, gaztain ainitz ur gainean gelditu dira.
Uda huntako idorteak kalte egin die gaztainondoeri. Hala ere, oihanpeko lurra aberatsa zen lekuetan, eta oihanak orientazio egokia zuelarik, bilketa egitea posible izan da. Bainan uzta bildu ondotik ere, gaztainen kalitatea kontrolatu behar da: urean ezartzen dira, eta zolan gelditzen direnak dira beteak eta ekoizpenerako egokiak. Ur gainean flotatzen dutenak aldiz, baztertu behar dira. Eta aurten, gaztain ainitz egon dira ur gainean. Gilles Texier ekoizlearen kasuan, bilduko gaztainen % 20 eta % 25 artean baztertu behar izan ditu, ur gainean gelditu direlako. Usaian, kopuru hori % 7 ingurukoa izaiten da.
Gaztainen neurriak ere ttipiagoak izan dira aurten. Gilles Texier-ek azaltzen duenez, «harritzekoa zen, lehen gaztain tona kalibratzeko tresnan ezartzean, erdia baino gehiago 28 milimetroko zilotik pasatzen zen; usaian 33 milimetroko zilotik pasatzen delarik».
Euskal Herriko Laborantza Ganbaran arbolgintza sailean teknikari den Joana Hoki ere gauza hauetaz ohartu da. Haren arabera, aurten fruitu guziak ttipiagoak izan dira, bainan sukre aldetik biziki kontzentratuak.
Joana Hoki gaztainadien egoera hobeki ezagutzeko lanean ariko da orain. Lur eta arbol ikerketak eginen ditu, gaztainadi batetik bestera diren ezberdintasunak hobeki konprenitzeko: zendako batzuek uzta ona eman duten eta beste batzuek ez. Formakuntzak ere antolatuko ditu, gaztainondo zaharrak berreskuratzeko, bai eta landaketa saioak ere, landatzeko teknikak erakutsiz.
Gilles Texier-entzat berriz, gaztain sareak biltzea da garai huntako lanetako bat. Baita ere bildu gaztainekin ekoizpen desberdinak prestatzea : gaztain irina, gaztain konpota, gaztain erreximenta, houmous-a eta pate begetala, besteak beste, eta errezeta berrien entsea ere. Hots tokiko ekoizpenak, gustu eta molde desberdinetan gozatzen ahal direnak.
