Nortasunaren bilketa COVID garaian galdezkatzen duen "Xan" komikiaren egileak Zabalik elkartearen gomitak izanen dira apirilaren 25ean Donapaleuko mediatekan. 2023an argitaraturik, gazteen osasun mentalari buruzko gai atenporalak aipatzen ditu.
Emma eta Maialen Arestegi Zabalik elkartearen gomitak izanen dira apirilaren 25ean, ibiakoitzez, Donapaleuko mediatekan. Haien komikia “Xan” (Elkar-2023) aurkeztuko dute. Emmak idatzirik eta Maialen marrazturik, gai frango aipatzen ditu komikiak, osasun mentaletik, nortasunaren bilketara, COVID garaitik pasatuz.
2021eko EKE eta Elkarren sariaren irabazteko asmotan, Iparraldeko ahizpek komiki baten idazteko abentura hasi zuten. Maialenen lana baldin bada marrazketa, ez zen Emmarena idazketa. Kolegiotik ez zuen idatzi ere. Usaiako egiteko maneretatik urrun eta kode berezirik errespetatu gabe, haien instintua segituz eraman zuten proiektua, gidoi bat idatziz, marrazkiak sortu aitzin, eta azkenean idatziz. Usaian idazketarekin hasten baldin bada komiki baten sortzea, ahizpek baliatutako estrategiaren saria ukan zuen. Ez bazuten EKErekin sortutako saria irabazi ere, Elkarrek bukatzea eta argitaratzea proposatu zieten.
Xan heldu gaztea da, anitz bezala, COVID garaian bere amaren etxera sartzen dena. Komiki honetan, bere nortasunaren inguruko galdezketak segitzen ditu irakurleak, bere burua galdua senditzen duen mutiko horren intimitatean sartuz. Bere orientazio sexualari buruzko galderak baldin baditu, nortasunaren bilatzea da ardatz nagusia: gazte gehienek topatzen duten erronka. Ez zen Emma eta Maialenen helburua Xanek erantzunak atxeman ditzan. Erantzunak baino, galderak eta galdezkatzeko ibilbide luzea agerian ezarri nahi zituzten. Galdera horiek bere buruari pausatzea normala dela adierazi nahi zieten irakurriko zuten gazteei. Bai Euskal Herrian. Bai euskaraz.
Osasun mentalaz gain, COVID garaia izan da erdigunea sorkuntzan. Epe horren lekukotasuna eraiki nahi zuten ahizpek, idatziz eta marraztuz, oroitzapenak betiko finkatu. Denendako garai berezia izan zen konfinamendua, eta bere burua are gehiago galdezkatzeko aukera. Eta hori gutti balitz, gazte anitzendako garai ezin gogorrago izan zen, bakarrik gelditu baitziren haien geroari begira. Izan ere, Frantzian, 2020ko maiatzean, hots lehen konfinamenduaren ondotik, 15 urte baino gehiagoko pertsonen %15k sindrome depresiboa pairatzen zuten, hots zazpi pertsonatik batek (EpiCov 2021).
Gazteen gaizki izaite horren legitimitatea agerian ezarri nahi zuten Emma eta Maialenek. Batzuetan nerabe edo heldu gazteen sinesgarritasuna zalantzan ezarria baita. Eta hori, batez ere, mutiko baten ahotik. Dramarik gabe ere, gertakari bortitzik gabe ere, sentimendu ilunak ukaiten ahal dituzte gazteek ere.
Apirilaren 25ean, ibiakoitzez, goizeko 10etan hasiko da mintzaldia, Donapaleuko mediatekan.