Urepeleko Lantzirian sortua 1941ean, apez-eskola utzi ondotik euskal kulturaren, euskararen eta oro har Euskal Herriaren alde lan handia egin duen eragilea da Gexan Alfaro.
Haurtzaroa Urepelen iragan ondotik, Hazparne eta Uztaritzeko eskoletan ikasi zuen. Apez eskolan segitu eta Aucheko edo Elinberriko seminariora joan zen beste bi euskaldunekin eta gisa horretan Aljeriako gerlara joatea saihestu ere; Elinberritik Akizera eta Akizetik Baionako seminariora.
Baionako seminarioan, Manex Pagola eta Joanes Bordarekin, euskal kulturari eta euskara idatziari buruzko formakuntza galdegin zakoten Vincent apezpikuari, Euskal Herrian apez izan beharko zutela argudiatuz. Ezetz borobila ukan zuten, eta desadostasun ideologiko hunen ondorioz, bide hori uztea erabaki zuen Gexan Alfarok.
1970eko hamarkadatik aitzina, euskal kultura bete-betean murgildu zen. Kantuak eta bertsoak idazten eta plazaz plaza kantari ibili zen. 1976an Baionako Zabal liburu dendako sortzaileetarik bat izan zen eta langile sartu ere, Elkar argitaletxearen garapenean ere ekarpen handia egin zuen. Seaskaren eta ikastolen sortzean parte hartu zuen, baita Kanboko Xalbador kolegioaren sortzean ere. Politikoki abertzale gisa ere engaiatu zen.
Hots ibilbide eder eta aipagarria 'Lantziritik, etxalaira' liburuan irakurtzen ahal da. Lantziria, Urepeleko sortetxea baldin bada, Etxalai Angelun Patxika Erramuzperekin erosi zuten etxearena da. Elgarrekin lau haur altxatu dituzte. Angeluko etxearen izenaz galdezketatzean "Haurren lagunak etxera heldu ziren; etxeak iduri zuen uda-leku bat, usu haurrez betea, etxe alaia zen”. Eta huna "etxe alai"-tik heldu da beraz Angeluko etxearen izena.
'Lantziritik, etxalaira' liburuaren aurkezpena abenduaren 10ean 19:00etan eginen da Aldudeko liburutegian, BOGA (Baigorri, Ortzaize, Garazi eta Aldudeko irakurleen taldea) elkarteak antolaturik.