Moustapha, Donbosco egiturako gazte bat da, Ginea Konakrytik jinik. Donapaleun instalatuz, urte bukaerako bestak deskubritu ditu, haien lotura erlijioarekin edota haien ospatzeko manera. Eguberri ez bazuen ezagutzen, abenduaren 24a ospatzen zuen.
Urte bukaerako besten kari, Moustapharen ezagutza egin dugu Donbosco egituraren bidez. Ginea Konakrytik jinik, orain Donapaleun bizi da 19 urteko gaztea. Gaur egun erizain laguntzaile gisa lan egiten du Moustaphak Donapaleuko Sainte Elisabeth zahar etxean, atseginez betetzen duen lanbide bat.
Hemen instalatuz, urte bukaerako bestak deskubritu ditu, haien lotura erlijioarekin edota haien ospatzeko manera. Eguberri ez zuen ezagutzen Moustaphak Europan bizi baino lehen. Alta, abenduaren 24a ospatzen zuen bere herrian. Aitortu daukun bezala, Ginean, erlijio musulmana nagusi izan arren, giristinoak batzuk dira. Gazteek nahasteko ohitura dute, eta horrekin batera, bata eta bestearen ospakizuna bereganatzeko dute usaia. Musulman gazteek abenduaren 24a ospatzen badute, Eguberriren zentzua baztertuz, giristinoek ere erlijio musulmanetik jinik bestak ospatzen dituzte.
Moustapharen arabera, mundua aldatzen da, eta munduarekin ohitura. Bere herrian zaharrek ez zuten abenduaren 24a besta eguna bilakatzea. Gazteriak berak, kohesioa sortzeko nahian, eta aldaketaren ekarle gisa, ospakizunak guzier lotuak izan daitezen beharra senditzen zuen. Hori dela eta, abenduaren 24an, urtero, Eguberri dela jakin gabe, gazteak elkartzen dira, zangobaloinean aritzeko, jostatzeko, edo momentu sinpleen ospatzeko. Erlijiorekin loturik ez, oparirik ez, Bizar Xuririk ez. Bakarrik haien lagunek ospatzen duten egun baten bereganatzea.
Honat arribatuz Eguberriko kodeak ezagutu eta harrapatu ditu Moustaphak. Erlijioa, opariak, eta usaiak, dena ulertzekoa eta ikastekoa zuen. Geroztik, urte guziz ospatzen du bere lagunekin. Bere arabera, ez da sekulan dudarik izan horrekiko, adoptatu duen eskualdeko usaiak eta ohiturak bere aldia adoptatu behar zituen, “errespetuz”.
Urtats aldiz ezagutzen zuen gazte ginearrak. Han jadanik ospatu ukan zuen, manera desberdinez, baina beti urte berriaren ospatzeko. Han, abenduaren 24a bezala, zangobaloin partida baten inguruan iragaiten zen, usu gurasoen baimenetik urrun.