Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Gizonen osasunaren hilabetea: Goxa Leku etxean, hitz egitea jadanik sendatzen hastea da

Senpereko Goxa Leku elkartea Donapaleun zen azaroaren 2an, Mattin Etxeverriari egindako omenaldian bildu diruaren errekuperatzeko. Azaroa gizonen osasunaren hilabetea denez, parada baliatu dugu, ostegun honetan hedatuko dute film labur bat aipatzeko.

Gizonen osasunaren hilabetea: Goxa Leku etxean, hitz egitea jadanik sendatzen hastea da
Senpereko Goxa Leku elkarteak barnekalderantz hurbiltzea xedea du. GOXA LEKU
Xarlot Etxeberri
2025/11/05 12:40

Agian jadanik pasa zizte etxe horren aitzinetik, izena ezagutu gabe: Senpereko Goxa Leku etxea. Etxe hartan plantatua den elkarteak minbizia pairatzen dituzten pazienteak laguntzen ditu. Haien helburu nagusia, haien bizi kalitatearen hobetzea da, tratamendu akigarriak eta bortitzak errezibitzen dituztelarik, eta gelditu eta gero. Pertsonak ez direla bakarrik eriak erakutsi nahi dute, azpimarratuz posible dela eritasunetik at plazer hartzea eta bizitzea. Eriez gain, laguntzaileer ere laguntza eskaintzen die, beti urririk.

2025ko agorrilaren 30ean, Mattin Etxeverria omendu zuten, Donapaleuko errugbi zelaian egunaldi polita antolatuz. Mattin Etxeverria minibiziarengatik hil zen 2024an, eta bere lagunek eta familiek omenaldi bat eskaini nahi zioten errugbia, musika eta elkartasunaren inguruan. Bildutako dirua Goxa Leku elkarteari eskaini dioten igande honetan. 21 000€-ko txeke ederra errekuperatu du elkarteak, pazienteen laguntzeko 400 ordu finantzatuko duena.
Goxa Leku elkarteak 21 000€ euroko txekea berreskuratu du azaroaren 2an, Donapaleuko errugbi zelaiaren gainean. GOXA LEKU


Gaur egun Goxa Leku elkartea Senperen kokatua den arren, bere aritze eremua handitu nahi du, eta hurrengo hilabeteetan, barnekaldean plantatuko da, Hazparne eta Amikuzeko erier laguntza eskaintzeko asmotan.

Proiektu hori baino lehen, azaro osoan beste ekintza garrantzitsuak eramanen ditu, gizonen osasunaren hilabetearen kari. Urte guziz, hilabete osoan, gizonen minbizia ohizkoena den prostatako minbizia, testikuluetako minbizia, suizidioa eta osasun mentala agerian ezarriak dira, elkarrizketaren idekitzeko. Ikerketen arabera, gizonek guttio zaintzen dute haien osasuna, eta usu haien osasuna eta eritasunak aipatzea tabu bat gelditzen da. Helburua, gizonen hitza askatzea da, eritasunak goizago detektatuak eta azken finean hobeki sendatuak izan daitezen.

Xede horri begira, film labur bat sortzekotan dira, baina jadanik dokumental labur bat sortu dute, elkartean diren gizon batzuen lekukotasuna bilduz. Azaroaren 6an hedatuko dute lehen aldikotz, ostegunez, Angeluko Quintaou kafean, 19:00etatik goiti. Pazienteek hitza hartu dute, zaila den urrats bat anitzendako. Bizi izan dutena, kontseiluak, edota haien esperientzia partekatzen dituzte sorkuntza horretan. Clémence Plassat Goxa Leku elkarteko zuzendariak filmak eskaintzen duen hitzaren askatzeko posibilitatea azaldu dauku, “hunkituak diren gizonek ohar daitezen haiek ere laguntza galdegiten ahal dutela, hobeki izaiten ahal direla, hitz egitea jadanik sendatzen hastea baita”.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu