Gozo Gose pintxo zenbait proposatuz abiatu bazen ere, hamar urteko bidean eskaintza zabaldu eta egonkortu du. Pintxogintzan oraino haboro sakondu gogo du Gexine Thikoipe kozinerrak. Maiatzaren 17an hamar urteen ospatzeko bestan dastatzen ahalko dira.
Gozo Gosek hamar urte bete ditu aurten, karia horretara, Gexi Thikoipe sukaldariak egun berezia antolatua du maiatzaren 17an, Amenduze-Unasoko gelan. Txarangak, puzgarriak, pintxoak, kebaba, plater beroak. Nahi duen orori edekia izanen da. Arratsean, 18:00etan Nat eta Watsonek joko dute hantxe.
Duela hamar urte, Gexi Thikoipek herriko etxeko lokal batean abiatu zuen enpresa, gero Donapaleun denda ttipi bat ireki zuen baina COVIDak hetsi ziona. Ororen buru, ama-aiten etxean muntatu du bere laborategia eta behar den bezala antolatzeko eta enpresa abiatzeko parada ukan du.
Bere filosofiaren baitan da tokian tokiko eta kalitate handiko mozkinak baliatzea kozinatzeko. Gexine Thikoipek azpimarratu du tokian tokikoa atzematen duela gero eta hurbilago, eta, oraingo egunean, Amikuzetik kasik jalgi gabe atzematen dituela behar dituenak oro.
Haatik, bezeroak amiñi bat urrunago ere baditu, orohar, 70 kilometroko perimetroan ditu.
Eskaintzari dagokiolarik, pintxo zenbait eginez hasi zen Thikoipe, hautua zabalduz joan da, eta oraino gehiego ere egin gogo du. Gerori begira, nahiko luke hobetu lan denboraren oreka, aste hondarrak "biziki kargatuak" baititu oraino. Bestalde, ondoko urteetan platerak proposatzen segituko badu ere, pintxoen eskaintza areagotuko du eta pintxoen inguruko hitzordu bereziak antolatuko: pintxoei dagozkien arno motez lagundurik.
Jakin, kasik ostiralero, Donapaleuko merkatuan atzemanen dituzuela Gexi Thikoipek prestaturiko menuak (hautuan hiru plater eta hiru deserta), eta, zalu, ekainetik aitzina, kroketa beroak ere jaten ahalko dira.
Maiatzaren 17ko besta edonori edekia da, nola hats batez giroaz gozatu nahi duenari, hala han berean luzatu nahi duenari.