(Baxe Nafarroa)

Harrotasun desfilea, Euskara Amikuzen gaindi ibiltzen dela agerian ezartzeko

Euskaraldiaren hasteko, maiatzaren 16an Donapaleuko karriketan ibiliko dira Amikuzeko Aho Bizi eta Belarri Prest. Horren ondotik, filmak, liburu aurkezpenak, bisitak, edo karaokea ere gozatzen ahalko dira.

Harrotasun desfilea, Euskara Amikuzen gaindi ibiltzen dela agerian ezartzeko
Donapaleu prest da Euskaraldiaren hasteko bere harrotasun ibilaldiarekin. AMIKUZEKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2025/05/16 12:43

Donapaleun, Euskaraldia desfile batekin hasiko da aurten. 15etik 25erat iraganen den ekitaldiaren kari, Amikuzeko euskararen aldeko elkarte eta aktore desberdinak elkartu dira haien indarraren batzeko.

Ohartzen direnez euskarak ez duela leku handirik Amikuzen euskararen aldeko elkarte desberdinek elkartzea erabaki dute, indarraren batzeko. Elkar lan horri esker, adin guztiendako aho bizi eta belarri prest euskaraz bizitzen ahalko dira haien aisialdi guztietan.

Aurtengo berrikuntza nagusia, harrotasun ibilaldia Euskaraldiaren hasteko. Maiatzaren 16an, 18:30etan, Donapaleun gaindi euskara harroki plazaratuko dute Amikuztarrek. Joaldun, zigante, txaranga, kantu, bertso, dantza eta aldarrikapen mezuen gozatzeko parada ukanen dugu. Horren ondotik, besta eta txapen banaketa eginen dira, kantuz, dantzan eta jateko eta edateko posibilitatearekin. Goizeko 10:30etan, Donapaleuko bisita gidatua euskaraz proposatua izanen zakote Amikuztarrer.

Maiatzaren 17 eta 18an, haurrek euskaraz aritzeko aukera ukanen dute, Basatiak marrazki biziduna Donapaleuko Saint Louis zinema gelan, 15:00tan. Zaharragoek ere zinema arloa gozatzen ahalko dute maiatzaren 22an, ostegunez, 20:30etan. Itziar Leemans egilearekin Donapaleuko Saint-Louis zine gelan izanen baita Ximinoa eta Olatuak filmen aurkezteko, tortura eta klase menderakuntzaz solastatzeko.

Liburuzaleek ere plazera hartuko dute maiatzaren 24an, ibiakoitzeko 10:00tan Ekaitz Bergaretxe eta Bea Salaberrirekin. idazleak mediatekan izanen baitira haien liburuetaz mintzatzeko. 18:30etan, Karaokea antolatua da Luma garagardotegian. 

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu