Incroyables Territoires proiektuaren kari, kontsumo inkesta bat eraman dute Amikuzen, bertakoen hiriko zentroari buruzko iritziak, beharrak eta emeien ezagutzeko. Txapelketaren sariak ere aurkeztuak izan dira.
Donapaleuko herriko etxeak Incroyables Territoires programa jinarazi du, merkataritzaren bultzatzeko hiriko zentroan. Ekainaren 6 eta 7an, 36 orduko konkurtso bat antolatua izanen da, proiektu eramaile berrien aurkitzeko, eta instalatzeari prestatzeko. Egun bat eta erdiz, haien egitasmoa landuko dute bertako adituz osatua den ekipa batekin.
Eskualdeko beharrer erantzuteko, kontsumo inkesta bat plantan ezarri dute, Amikuztarren usaien eta iritzien biltzeko. Bildu dituzten 170 erantzunek erakusten dute, alde batetik amikuztarrak Donapaleuko zentroko komertser lotuak direla, eta beste aldetik satisfosak direla atxemaiten dutenarekin.
Hala ere, aniztasun gehiago nahi luketela azpimarratzen du inkestak, batez ere hazkurri komertzioen beharrarekin. Sorpresarik gabe, okindegiak eta harategiak ikusi nahi lituzkete haien hirian Amikuztarrek. Preseski, zentzu honetan jadanik martxan diren proiektu batzuetaz loriatzen da Olivier Darrieux-Juzon herriko etxeko. Hala nola, T’RHEAk (Pédavia ohia) harategi berri bat berriz idekiko baitu Donapaleun. Horrez gain saltegi berri baten idekitzea iragarri dauku hautetsiak, alde anitzeko aktibitatearekin (tatuaiak, azazkalen lana, masajeak…).
Txapelketaren sariak ere aurkeztu dituzte. Herriko etxeak 1000€ eskainiko baldin badako irabazleari, partaide frangok sariak emanen dikziete proiektu eramaile berrier haien komertzioaren laguntzeko asmotan. Adibide gisa, komunikazio kanpainak edo kontabilitate formakuntzak. Olivier Darrieux-Juzonek zehaztu du irabazleek sariak berreskuratzen ahalko dituztela, bakarrik proiektua plantan ezartzen baldin badute.
Jadanik sei proiektu eramaile kondatzen dituzte lehiaketan parte hartzeko. Besteak beste, tapizatzaile bat, haurrendako jantzi denda bat, eta bigarren eskuko jantzi denda bat. Sei leku gelditzen dira. Interesatuak direnek eventbrite.fr webgunean izena emaiten ahal dute.