Orain arte Hazparnen baizik ez zen plantatua tindua ekoizten duen Margola familiako enpresa. Aste honetan, eta eskaerer erantzuteko, saltoki bat ideki dute Donapaleun. Margolatik dendan, hurbiltasuna eta kalitatea erdigunean ezarri nahi dituzte.
Hazparneko Margola ezagutzen zenuten. Orain Margolatik deskubritzen ahalko duzue Donapaleun. Aste honetan, eta eskaerer erantzuteko, tindua ekoizten duen familiako enpresak saltoki bat ideki berri du Donapaleun. Hurbiltasuna eta kalitatea lehenesteaz gain, bezeroen nahi guzier ihardesten entseatzen da Margola(tik).
Margolatik dendaren abiapunduan, Margola familiako enpresaren sortzea 1988an, Hazparnen. Momentu harta, Pierre Amestoyk Euskal Herrian berean lan egiteko eta bizitzeko manera sortzeko asmoz, bere tindu eta berniza enpresa sortu zuen. Geroztik, beti ber baloreak erdigunean atxikiz, transmisioa burutu da, eta 2015ean Anttonek, bere semeak, segida hartu du.
Sortze prozesutik ontzian ezartzera. Zerotik burura ari dira tinduaren asmatzean, formulatzean eta azkenean ekoiztean. Haien tindua eta kolore propioak proposatzeaz gain, bakoitzaren beharrer ere erantzuten diete. Izan ere, bezeroek nahia geroz eta zehazkiagoak dituzten honetan, edozein kolore arra egiten ahal dute, imitatze moldean, arropa, argazki edo gai puska bati esker.
Etxeko trebetasuna, malgutasunaren eta hurbiltasunaren koktela...
Esperientziaz esperientzia, enpresako gaitasunak indartu badira ere, trebetasunaz gain, hautu etikoak izan dira gakoa bere tokia egiteko lekuko zirkuituan. Bitartekorik gabe saltzen dizkie produktuak profesionaler zein partikularrer, hurbiltasun nozioa ardatz nagusi gisa. Tokiko eta kalitatezko produktuak ekoizten dituzte, eta osagaiek ber manamenduer erantzun behar dute. Horregatik, baita osasunarekiko arduratsuak diren hautuen errespetatzeko ere, lehen osagaien hautaketa ezinbestekoa da sortze prozesuan.
Dinamika horren ildotik, Donapaleun salmenta baten idekitzera animatu dira. Hazparneko ber produktuak salduko dituzte, baina hurbiltasuna eskainiz bezeroer. Hain zuzen, haien arabera, anitz Amikuze, Xiberoa eta Biarnesetik heldu dira, eta kontsumo arduratsuaren garai honetan, haiengana jiteko egiten duten bidearen murriztea erabaki du enpresak. Donapaleuko Jeanne d’Erdoy karrikan kokatutako saltokia astelehen, asteazken, ostegun eta ostiraletan idekia egonen da.