Heleta (Baxe Nafarroa)

Heleta Show festibala berriz heldu da: trikitixa, rock eta punk doinuak otsailaren 6 eta 7an

Iazko arrakastaren ondotik, Heletako gazteriak Heleta Show festibalaren bigarren edizioa antolatzen du. Bi gauez luzatuko den hitzorduak publikoari estilo anitzeko kontzertuak eskainiko dizkio: trikitixa, pop, punk, rock eta heavy metal doinuak.

Heleta Show festibala berriz heldu da: trikitixa, rock eta punk doinuak otsailaren 6 eta 7an
Heleta Show festibala berriz heldu da otsailaren 6 eta 7an.
Mattin Lerissa
2026/02/04 12:17

Lehen edizioa 2025eko otsailaren 22an iragan zen, Gatibu eta Xutik taldeen kontzertuekin. Ekitaldiak harrera beroa ukan zuen, 1.800 ikusle inguru bildu baitziren Heletan. Indar horretatik abiatuta, antolatzaileek formatu handiagoa hautatu dute aurten, otsailaren 6 eta 7an bi gaualdi proposatuz.

Otsailaren 6an: popa eta trikitixa nagusi

Ostiral gauean, pop eta trikitixa giroan murgilduko da Heleta. Xabi Solano trikitilariaren zuzenekoa entzuteko parada izanen da. Harekin batera, Sünek ere oholtza hartuko du. Huntza taldeko kantari ohia izanik, bakarkako proiektuan trikitixa elektroa eta pop doinuak uztartzen ditu.
Gaua hasteko, Dizkobolo txarangak giroa berotuko du, eta kontzertuen ondotik DJ Musikalanen saioa izanen da, besta luzatzeko.

Otsailaren 7an: punk, rock eta heavy metalaren gaua

Larunbat gauean, bazterrak alaitzen hasiko da Punttu kakotx taldea, ondotik soinu bortitzagoak nagusituko dira. Su Ta Gar taldeak kontzertu berezia eskainiko du: Eibarko taldeak euskarazko heavy metalaren erreferentzia izaten segitzen du. 2026an hasi duten biran 1991n plazaratutako Jaiotze Basatia diskoaren 35. urtemuga ospatzen dute. Diskoa osoki joko dute.

Gau berean, punk musikak ere bere lekua ukanen du, Bretainiatik jinen den Les Ramoneurs de Menhirs talde ospetsuarekin. Bérurier Noir talde mitikoan aritu diren kideekin osatua, taldeak bombardea eta biniou bezalako musika tresna herrikoiak punk doinuekin nahasten ditu.
Txartelak

Heleta Show festibalerako txartelak lekuan berean salgai izanen dira, baita aitzinetik HelloAsso plataformaren bidez ere.

Interesgarri izanen zaizu