Bi urteko bilketa lanaren fruitua aurkeztu dute Heletan: 42 errezeta, herritarren lekukotasunak eta herriko gastronomiaren memoria bildu dituzte liburu batean.
Bi urteko bilketa lanaren ondotik, 'Bixkotxa eta Krakada' liburua aurkeztu dute uztailaren 5ean, Heletako Agerraldi gelan. Ehun bat herritar bildu ziren aurkezpenean, herriko gastronomiaren eta memoria kolektiboaren inguruan osatu den proiektu parte-hartzailearen berri hartzeko.
Liburua Alice Guilsou Cazenavek eta haren bi alabek, Alaia eta Uxuek, obratu dute. Alice psikologoa da ofizioz, baina sukaldaritzarako zaletasunak bultzatu zuen familia osoa proiektuan.
Herri oso baten memoria gastronomikoa bildurik
Liburu kolektiboa dela erran daiteke. Egileak 40 bat heletarrenganat joan dira, galtzen ari den memoria gastronomikoa bildu eta ondoko belaunaldieri transmititzeko xedez. Bi urtez, herritarren lekukotasunak bildu dituzte. Lehen zer jaten zen, jakiak nola ekoizten eta prestatzen ziren, etxeko errezetak zoin ziren eta herriko ohidurak nola bizi ziren kondatu dituzte heletarrek.
Aurkezpen ekitaldian dokumental bat ere eskaini zuten. Herritarren lekukotasunekin batera, Heletako artxiboko irudiak eta argazki zaharrak erakutsi zituzten, herriaren historiako hainbat oroitzapen berriz biziaraziz. Dokumentalean, garai bateko Heletako zortzi eiherak ere aipatzen dira: Latsakoa, Agerrekoa, Santa Mariakoa, Baratxartekoa, Urgorrikoa, Iribanekoa, Antisanekoa eta Xistelakoa. Oroitarazi dute, halaber, 1950eko hamarkadan bost epizeria bazirela herrian.
Historia horren baitan, beste pasarte bitxi bat ere bada: XVIII. mendean Jean Fagaldek Agerrebeherean ideki zuen lehen xokolategia. Aldi berean, gaur egun euskal bixkotxa izenez ezagutzen den bixkotx ospetsuaren jatorria ere gogora ekarri dute. Marie Hirigoien heletarrari zor baizaio lehen etxeko bixkotx haren sortzea.
42 errezeta etxean egiteko
Memoria historikoarekin batean, Bixkotxa eta Krakada liburuak 42 errezeta goxo ere biltzen ditu, gehienak sukratuak. Egileen erranetan, etxean egiteko errexak dira eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko pentsatuak. Liburua jadanik salgai da liburu dendetan, 30 eurotan.