Aurtengo Heletako primaderako feria martxoaren 21ean eta 22an iraganen da herriko plazan. Feriak aspaldiko giroa berpiztea du xede, nahiz zenbait ohitura aldatu beharrean izan diren azken urteetako egoeragatik.
1962tik egiten den feria asteburu honetan itzultzen da. Ibiakoitza bereziki zaldiei eskainia izanen da. Hala, behorrak, zaldiak, astoak eta pottokak ikusten ahalko dira. Azken urteetan zaldi kopurua apaldu denez, antolatzaileek beste kabala batzuk ere sartzea erabaki dute, eta behiak ere ongietorriak dira. Horrez gain, tresneria, traktore eta maxina saltzaileak ere izanen dira, lehengo ferietako giroari segida emanez.
Igandean, aldiz, aldaketa nagusi bat izanen da. Usaian egiten den miga lehiaketa ez da aurten antolatuko, eritasunek eragindako egoeragatik. Haren ordez, artzain xakurren lehiaketa izanen da 10:00etan, plazatik hurbil.
Feriaren antolakuntza Kabala elkarteak segurtatzen du, eta aurten ere bi egunez animazio, topaketa eta giro beroa eskaintzeko lanean ari da. Helburua argia da: aspaldiko ferien espiritua berriz biziaraztea, jendea elkartuz eta tokiko bizimoldea balioan emanez.
Bestalde, jateko eta edateko parada ez da faltako. Ostatu eta jatetxeek ongietorriarekin batean Baigurako bildotsarekin ahotik ezin utzizko bazkaria proposatuko dute.