Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Helmuga marra familian pasatzeko aukera Amikuz'Trailean

Amikuzeko lasterketa taldeak antolatutako lasterketaren hirugarren edizioa azaroaren 2an iraganen da Donapaleun, igandez. Adin eta maila guziendako eskaintzak izanen dira, lasterkariendako, gormantendako, edota haur eta familiendako.

Helmuga marra familian pasatzeko aukera Amikuz'Trailean
Amikuzeko lasterkariak astearteetan eta ostegunetan trebatzeaz gain, elgarrekin lehiatzen dira inguruko lasterketetan. IRULEGIKO IRRATIAK
Xarlot Etxeberri
2025/10/31 09:04

Amikuz’Trailaren hirugarren edizioa azaroaren 2an iraganen da Donapaleun, igandez, Amikuzeko lasterketa taldeak antolaturik. 260 lasterkarik osatzen dute talde hori, izan helduak edo haurrak. Astearteetan eta ostegunetan adin guzietako helduak elkartzen dira, aniztasun handiko talde batean, maila, adin eta helburu desberdinekin. Denek ber entrenamendua segitzen dute, baina bakoitzak egokitzen du bere maila eta kapazitateen arabera.

Entrenamenduetako giro onaren gisa, taldeak jendeak momentu goxo bat pasa dezan antolatzen du Amikuz’Traila. Horrez gain, bere filosofiaren segitzeko asmotan, hainbat eskaintza proposatzen ditu hitzorduak.

Trailer dagokienez, hiru lasterketa izanen dira. 9:00etan, 20,3 kilometroko lasterketa hasiko da. Ibilbide hori banaka edo hirunaka egiten ahal da. Hirunaka egitea hautatzen dutenek distantzia zatitu beharko dute. Lehen kirolariak lehen 12 kilometroak bakarrik eginen ditu. Hamabigarren kilometroan, Zoihartzen, bigarren lasterkariak harrapatuko du, eta hemeretzigarrenean haur batek harrapatuko ditu, lasterketaren bururatzeko.

Horrez gain, 9:15etan 13,7 kilometrokoa hasiko da, eta 11:30etan haurren lasterketa, kilometro batekoa. Oinez ere bai posible izanen da Donapaleuko paisaien gozatzea, 13 kilometroko ibilaldi bat, “Rando Gourmande” delako baten bidez. Hiru hornikuntza bereziak izanen dira, tokiko mozkinek osaturik.

Donapaleuko merkatu estalitik abiatuko dira lasterketa guziak. Izen emaiteak PB-organisations webgunean.

Interesgarri izanen zaizu