Buruilaren 21ean Hergaraiko feria Ahatsako herrian eginen da eta egun horretan ibarreko bizitza eta laborantza mundua izanen dira ardatz. Bi urtez behin egiten den ekitaldi hau ibarreko herrietan txandaka ospatzen da, eta aurten Ahatsari egokitu zako
Feriaren aitzakian, herriko bizitzaz eta eguneroko erronkez hitz egiteko parada hartu dugu, Ahatsako auzapezarekin, Jean Paul Bidartekin. Ahatsa 280 biztanle inguruko herria da, laborantza jarduera nagusia da. Gaur egun, 20 etxalde inguru dira herrian, baita arraintegi bat, landaretegi bat eta hainbat ofiziale ere. Herriko eskola ere bada, ibarreko bost herrietako 40 bat haur errezibitzen dituenak.
Azken urteetan hainbat obra egin dira Ahatsan, eta nabarmenena Zeinegi ezker paretan eginiko lanak izan dira.Jean-Paul Bidart Ahatsako auzapeza. IRULEGIKO IRRATIA
Igandeko feriak egitarau betea eskainiko du: kabalen erakusketa, arraintegiaren bisita gidatua, pilotarien argazki erakusketa, ibarreko adinekoen lekukotasuna biltzen dituzten bideoak, artzain xakur erakustaldia, gasna egite erakusketa, musika, dantza eta kontzertuak. Eguerdian, herri bazkari gastronomikoa izanen da, tokiak aitzinetik hartu behar dira (07 50 06 07 68).
Bestalde, 11:00etatik aitzina, irratia zuzenean ariko da, feriako giroaren berri zuzenean emateko.