Herritarren inkestan proposamen bakar batek ere ez du gehiengoaren babesa ukan; Departamenduak bestelako ibilbideak aztertuko ditu orain.
Joan den asteleheneko Garazi-Baigorriko poloko bilkuran, Donibane Garaziko bide-desbideraketa izan zen eztabaidagai nagusia. Aspaldiko dosierra da, eta hautetsien artean adostasun trinkorik erdietsi ez dela jakina bazen, herritarrengandik ere berdin da.
Aurten, Departamenduko bideetako arduradunek herritarren iritzia bildu nahi izan dute, inkesta publiko baten bidez. Bost proposamen zehatz aurkeztu dira, eta Donibane zein inguruko herrietako biztanleek parada ukan dute beren iritzia emateko.
Inkestan parte-hartze xumea izan da: biztanleen %10ek, 365 herritarrek, eman dute erantzuna. Emaitzek ez dute zalantzarako tarterik utzi: proposamenetako batek ere ez du gehiengoaren babesa erdietsi, eta gehiengo zabal bat agertu da aurkezturiko aukeren kontra.
Ondorioz, Departamenduak erabaki du beste bide eta kokaleku batzuk aztertzea, eta herriko bozak pasatu ondotik bilkura berri bat antolatzea, gaiari segida emateko.