Heste lodiko edo tripako minbizia da gaur egun gehien hiltzen duen bigarren minbizia. Alta, adituek azpimarratzen dute garaiz detektatuz gero, kasu gehienetan saihestu edo sendatu daitekeela.
Horretarako baheketa-test sinple bat bada, etxean berean egin daitekeena, lasaitasunez eta errexki. Hala ere, parte-hartzea oraindik urria da, eta osasun agintariek jendea pusatu nahi dute urrats hori egitera. Testuinguru horretan kokatzen da “Martxo Urdina” kanpaina, prebentzioa eta informazioa sustatzeko antolatua.
Ekimen horren baitan, Baxe Nafarroako CPTS egiturak informazio goizaldi berezi bat antolatuko du martxoaren 23an, Baigorriko Plaza Xokon. Eskualdeko osasun arloko profesionalak hor izanen dira, eta heste lodiko minbizia izanen da ardatz nagusia.
Alabaina, bestelako gaiak ere landuko dira, eta publikoari hainbat zerbitzu eta test eskainiko zaizkio, denak urririk:
Entzumenaren neurketa
Arnasketa testak
Etxez etxeko zerbitzuei buruzko informazioa
EMOG (gériatriako talde mugikorra)
Présence Verte laguntza-sarea
Osasun mentala
Jarduera fisikoari buruzko aholkuak
Bularreko minbiziaren prebentzioa
Beste hainbat egitura eta profesionalen presentzia
Antolatzaileek azpimarratu dute helburua dela herritarrak informatzea, sentsibilizatzea eta osasunari buruzko baliabideak hurbiltzea. Informazioa eskuratzeko, eskubideak hobeki ezagutzeko eta norberaren zein ingurukoen osasuna zaintzeko, gomita zabalik da deneri.