Izturitze (Baxe Nafarroa)

Hiru kandela Arberoako hitzordu garrantzitsu bilakatu den Izturitzeko merkatuarendako

Merkatuak hiru urte ospatuko ditu ekainaren 5ean. Ostiral guziz egiten den Arberoako merkatua anitz garatu da sortu zenetik. Hastapenetik hiru ekoizle atxemaiten baziren ere, gaur egun hamabost bat ekoizle elkartzen dira urteko hitzordu handietan.

Hiru kandela Arberoako hitzordu garrantzitsu bilakatu den Izturitzeko merkatuarendako
Izturitzeko merkatua ostiral guziz antolatzen dute Izturitzeko Artetxean. IZTURITZEKO MERKATUA
Xarlot Etxeberri
2026/06/04 12:58

Hiru urte eta hiru osagai nagusi: tokikoa, kalitatea eta euskara. Hara nola hiru urtez Izturitzeko merkatua hitzordu huts ezina bilakatu den Arberoan. Ekainaren 5ean, ostiralez, merkatuaren hirugarren urteburua ospatuko dute Arberoan, urtean bi aldiz egiten duten merkatu handi baten kari.

Ostiral guziz plantatzen duten hitzordua anitz garatu da sortu zenetik. Laborari baten etxaldetik Izturitzeko plazan den Artetxera, hiru ekoizletatik hamaseitara.... Bidea polita izan da. Lehen hitzorduetan okin bat, batzegile bat eta ardi iaurta egile bat elkartzen ziren, xume xumeki, baina arrakastarekin auzo eta arberorrengandik. Hiru urte berantago, eta Artetxe euskara taldeak merkatua bere lokalean antolatzea proposatu ondotik, beste dimentsio bat hartu du merkatuak.

Arberoako ekoizleetarik fidelenak ostiral guziz elkartzen dira haien produktuen proposatzeko. Astero beraz, barazkiak, ogia, ardi gasna, iaurtak, eztia, oilaskoak, behi eta ahuntz gasna, esnekiak, ahuntzkia, serrikia, sagar jusa edota garagarnoak atxeman daitezke Izturitzeko plazan. Hilabetean behin, animazioak proposatzen dituzte, musika taldeak edo txaranga batzuekin adibidez, eta pintxoak proposatuz lekuan berean afaltzeko. Arberoak oraindik sekretu anitz badituela erakusten dute holakoetan, eta hainbat tokiko produktu batzen dira, jadanik anitza den eskaintzari: gormandizak, baratzeko landareak ala behikia.

Hori gutti balitz, urtean bi aldiz, merkatu handiak ere antolatzen dituzte. Hitzordu handiago horietan, Arberoako ekoizleer juntatzen zakote beste eskualdeetako aktore zonbait. Liburuak, izozkiak, landare aromatikoak, arnoa, eta eltzegintza gurutzatzen ahalko zenituzkete. Arberoako ekoizpenekin baizik ez ginatekea bizitzen ahalko


Arberoako bizian, aste guziko hitzordua

Baina aniztasun horrez gain, beste faktore batzuek parte hartu dute hitzordu horren ainguratzeko Arberoako bizian. Hain zuzen ere, laborantxa herrikoia, biologikoa, tokikoa eta kalitatezkoa erdigunean ezartzen ditu hitzorduak. Giro berezia eta herrikoia kondatzen daukute usaiakoek, eta hitzik gabe ere, aste guziz heldu diren bezeroek ontsa ordezkatzen dute izpiritu herrikoi hori.

Ostiral guziz ostatua idekia da. Hilabetean behin pintxoek eta animazioek giroa osatzen dute. Urtean behin laborantxari buruzko gogoeta gaualdia antolatzen dute. Baina gauza bat beti erdigunean egoiten da, sasoiez sasoi, ostiralez ostiral: euskara. Nola Artetxeak bultzaturik, hala arberoarrek buruturik, euskara da entzuten bidexka guzietan, batzuetan lehen hitzak baizik ez badira ere.

Hirugarren urteburu horren besta usaian egiten duten bezala ospatuko dute, merkatu handi batean. Ostiral guziz bezala, 18:00etarik 20:00etara iraganen da Izturitzeko Artetxean, Basco Folies Band Amikuzeko txaranga bestari juntatuko da.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu