Maiatzaren 17an Homofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna izan da. Parada baliatu dugu barnekaldean bizi diren pertsona homosexualen lekukotasunei interesatzeko.
Duela gutti, Bekat’Urosen kari antolatutako gaualdi batean, Atharratzeko Artetxe kulturgunean, Xiberoan jasan zituen bortizkeriez mintzatu zen Lucie Aguer Bagaia xiberotarra.
Gaztetako jazarpena eta Xiberotik urruntzea
Bere homosexualitatea deskubritu zuenetik, lizeo garaian jazarpena pairatu behar izan zuen Luciek. Facebook orrialdeak, talde elkarrizketak eta karrikako larderia… Bere orientazio sexuala publikoki aipatu aitzin ere, zurrumurruak hedatzen hasiak ziren jadanik.
Denborarekin egoera ez zela hobetzen ikusirik, Xiberotik joatea erabaki zuen, bere sexualitatea lasaiago eta librekiago bizitzeko. Kostaldean aurkitu zuen bake handiago bat.
Mentalitateak pixkanaka aldatzen ari direla
Bizitzako bideek, urte batzuk berantago, berriz ere Xiberora ekarri dute Lucie Aguer Bagaia. Oro har, mentalitateetan aldaketa batzuk senditzen dituela dio. Idekidura handiagoa badela ohartu da, nahiz eta bidea egiteko gelditzen den oraino.
Homofobiaren Kontrako Nazioarteko Egunak gogorarazten du diskriminazio horrek gaur egun ere bizirik segitzen duela, baita herri ttipietan ere, eta lekukotasunek gai hori plazara ateratzeko garrantzia dutela.