Mehaine (Baxe Nafarroa)

Mehaineko 'Ibilaldi Gormanta' maiatzaren 8an iraganen da, GAIA elkarte berriaren lehen xede gisa

Ostiral honetan, GAIA elkarte berriak “Ibilaldi Quizz Gormanta” antolatzen du. Negu honetatik goiti, Mehaineko tope gune berri bat kudeatuko du elkarteak. Anartean, haien lehen ekitaldia antolatzen dute, tokiko mozkinak eta herria deskubriarazteko.

Mehaineko 'Ibilaldi Gormanta' maiatzaren 8an iraganen da, GAIA elkarte berriaren lehen xede gisa
2026ko neguan ideki beharko lituzkete Mehaineko topa guneko ateak. GAIA ELKARTEA
Xarlot Etxeberri
2026/05/06 10:56

Ezin dinamikoagoa agertzen zauku Mehaineko herria udaberri honetan. Izan ere, Herriko Etxea topa gune berri bat eraikitzen ari da, eta leku horren kudeatzeko GAIA elkartea sortu berri dute herritarrek. Obrak bururatzen ari diren bitartean, jadanik lehen hitzordua plantatu dute elkarteko berri honetako kideek, “Ibilaldi quizz gormanta”, maiatzaren 8 honetan.

Hain zuzen ere, topa gune horretan, hainbat zerbitzu proposatuko dituzte: denen errezibitzeko gela handi bat, sukalde bat, elkarte ostatu bat, eta “co-worging” gune bat, dener idekia zainen zakoten gela, bulego eta inprimagailuekin, tele lanean aritzeko gisan. 2026ko neguan ideki berhako lituzkete ateak, eta egitura horiek eta batez ere ostatua, GAIA elkarteak ditu kudeatu, herritar guzien laguntzari esker.

Ez zen xede berria hau, aspalditik elkartzeko gune baten sortzeko emeia zuten mehaindarrek, orain arte ez baitzen elkar topatzeko gelarik herrian, nahiz eta hainbat elkarte izan herriaren biziarazteko. Dinamika horren baitan, hogei bat lagun elkartu dira elkartearen bulegoa sortzeko, herritar guziek elkartearen bizian parte hartuko duten bitartean.

Negua eta topa gunearen idekitzea jin baino lehen, inarrosten hasia da jadanik GAIA elkartea. Maiatzaren 8an, ostiralez, haien lehen ekitaldia proposatuko dute, “Ibilaldi quizz gormanta”. Bi ibilbide proposatuko dituzte, 9,5 km eta 13 km-koak, Mehaine herriaren inguruak deskubritzeko, mendixkaz mendixka. Baina paisaietaz gain, ibilaldian zehar, tokiko mozkinen jastatzeko aukera ere izanen da, Mehaine eta Amikuzeko ekoizleek proposaturik. Jateko eta edateko eginak diren pausa goxo horietan, joko batzuk antolatuko dituzte, herriari buruzko galderen bidez Mehaine deskubritzeko. Izen emaiteak momentu berean eginen dituzte, goizeko 7:30etarik goiti. 13km-ko ibilaldia 8:00ak eta 8:30ak artean hasiko da, 8€-ko parte hartzearekin; 9,5km-koa, 8:30ak eta 9ak artean, 5€-ko parte hartzearekin; eta biak dohainik izanen dira 10 urtez pekoentzat.

Horren ondotik, 11:30etarik aitzina, merkatu gormanta ere izanen da herriko plazan. Ibilaldietan eginen den gisan, ekoizle bakoitzak platerak prestatuko ditu bere ekoizpena jastarazteko.

Interesgarri izanen zaizu