Gabadi (Ipar EH)

Idoki kalitate-agintzaren gaineko dokumentala gaur estreinatuko dute F5en

Mériem Lay kazetari eta dokumental-egileak IDOKI kalitate-agintza hartu du ikergaitzat: Produits fermiers à boire et à manger? dokumentalaren egiteko. Gaur estreinatuko dute F5en.

Idoki kalitate-agintzaren gaineko dokumentala gaur estreinatuko dute F5en
Produits fermiers à boire et à manger? filmaren fotograma bat, AIherra Xedarria etxaldean. AMIKUZEKO IRRATIA
Ainize Madariaga
2026/01/06 06:00

Etxaldeko mozkinak erratearekin, zer irudi heldu zaigu gogorat? Usuenik, pentze ederrenetan kabalak airoski bizi, libreki kurritzen ari, bazka ezin hobeez elikaturik, hurbileko tratua, kalitatezkoa, jendeen izariko etxaldean haziak, errespetuz, baldintza ezin hobeetan ekoizlearendako bai ere kabalarendako...

Alta, aski bortizki egiten dute talka irudimenak ekoiztu irudi horiek, merkatuan 'etxaldeko mozkina' izenpean atzemanen dituzun ekoizpenekin. Talka horren tirrintak du akuilatu Mériem Lay kazetari eta dokumental-egilea Produits fermiers à boire et à manger? egitera, 52 minutuko dokumentala.

Bere ikerketak Idoki kalitate-agintza ekarri dio; zinezko berme bakar gisa: bere baitan dituen irizpideek baitute eitea 'etxaldeko mozkinak' izenak sortzen duten iruditeriarekin. Haren erranetan, kontsumitzailearendako, ekoizlearendako eta kabalendako berme bakarra baita. Beste gisaz, legea "biziki arina" baita: aski baita etxalde batean ekoizle profesional baten ekoizpena izatea 'etxaldeko mozkina' izendatu ahal izateko: axolatu gabe nola egiten den lan, zer baldintzatan haziak diren kabalak, nolako eta nongo bazka ematen zaien...

Hala, gaur, 2026ko urtarrilaren 6an, 21:00etan estreinatuko du filma F5 katean.

Interesgarri izanen zaizu