Oztibarre eremu “ttipia” da ; bainan Bunuztar dantza taldea beti biziki aktibo : 75bat dantzari eta dozena bat heldu kondatzen dira taldean, eta urte guziez helburu desberdinak finkatzen dituzte.
Bunuztar Xoriak dantza taldeak jaz bere 50 urteak ospatu zituen, eta orroit gira nola ospakizun hau ikusgarri handi batekin ederki markatu zuten, Askaot deitu zutena, belaunaldien artean, dantza, antzerki eta kantua uztartuz.
Aurten 3 lan ardatz finkatu dituzte :
- Lehenik, adin desberdinetako jendeen arteko loturak indartu nahi dituzte. Helburu horrekin, adinekoen etxeetan dantza emanaldiak eskainiko dituzte: otsail huntan berean, Iholdiko eta Donapaleuko xahar etxeetan izanen dira.
- Bigarrenik, tokiko kultur ekimenetan parte hartzea dute xede, euskal dantzak bere ekarpena eta rol soziala ere baduelako.
- Eta azkenik, euskal dantza Euskal Herritik kanpo ezagutaraztea dute helburu. Horren karietara, heldu den apirilean Italian antolatzen den mundu zabaleko dantza festibal batean parte hartuko dute, Venezia ondoan den Garda herrian.
Otsail huntan, ihauterien sasoina dela eta, hitzordu bereziak antolatu dituzte. Otsailaren 14an, larunbat huntan, Thierry Truffaut etnologoarekin mintzaldi bat izanen da, “Neguko eta ihauterietako tradizioak Pirinioetan” lemapean. Argazki erakusketa baten bidez lagundua izanen den mintzaldia Lazabale Ezpeletenian iraganen da, goizeko 10:30ean.
Bestalde, otsailaren 28an ihauteriak ospatuko dira Ibarlan, arratsaldeko 4etatik goiti. Bunuztar Xoriak dantza taldekoek Oztibarreko pesta komite eta elkarteak gomitatu dituzte karroen egiteko. Desfile alai eta koloretsua izanen da, Ibarlako plazatik abiatuko dena, karroekin, Iparralai-ko musikariekin, dantzariekin eta Oztibarreko Basandereak joaldun taldearekin.
Ondotik, San Pantzar-en auzia eginen da, eta arratsean afaria eskainiko da: xerri ttipia lur sagar frijituekin, gasna eta ondokoekin. Gaualdia Hergaraiko txarangak alaituko du.
