Donibane Garazi (Baxe Nafarroa)

Ihiztari gutiago, basa-ihizi gehiago: kezkak badira ihizi batasunetan

Geroz eta ihiztari gutiago izaiteak eta laborantxako lurrak ez direnez ere lehen bezala baliatuak, ondorio zuzenak ditu basa-ihiziaren garapenean eta kudeaketan.

Ihiztari gutiago, basa-ihizi gehiago: kezkak badira ihizi batasunetan
Ihizi federazioko Xanpi Escurra. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2025/12/09 16:17

Ihizi batasunaren bete beharretan da basa kabalen kudeaketa. Lege bat indarrean ezarri zen 1968an: laborantxako lurretan ibiltzen ahal dira ihiztariak; baina trukean basa kabalek kalteak eragiten dituztelarik, desmasiak ihizi batasunek laborariari ordaindu behar dazkote.

Gaurko arrangura da beraz geroz eta ihiztari gutiago dela, baina geroz eta basa kabala gehiago. Arrangura handiena basurde eta basahuntzetarik heldu da. Basurdeek  arto-soroetan egiten dituzte desmasiak ; eta basa ahuntzek mahastietan. Kalte handiak dira, mahastia kimutzen ari delarik, bi urteko mahats uzta suntsitzen ahal dute. Kalteen ordainketa beraz, ihiztarien gain gelditzen da.

Zenbaki batzuen emaiteko: departamendu mailan 500 ihiztari gutiago dira jada, eta urte bakarrean laborantxako kalteak 400 000 eurokoak izan daitezke. Gainera, ihiziko federazioek diru-sartze bakar bat dute, ihizi karten salmentarekin, eta ez dute beste diru-laguntzarik ukaiten. Xanpi Ezcurra, departamenduko ihizi-federazioko kidearen arabera estatuaren laguntza ekonomikoa ezinbestekoa litzateke egoera huni buru egiteko.

Bestalde, basurde edo basa ahuntzetaz gain, laborantxako kalteak ere izaiten dira ureko garratoinekin edo azkonekin ere. Azkonek beste arrangura bat ere ekartzen dute: behien tuberkulosiaren eritasunaren ekarle dira. Xibero aldean, aurten milatik gora azkon hil dituzte, eta horietatik 200 tuberkulosiari positibo agertu dira.

Urtxo saretegien aurtengo bilduma egiterakoan, 2024an 4900 urtxo harrapatuak izan ziren ; aurten hunen erdia baino gutiago. Kopuruak ikusiz, ihiztariek ez dute ulertzen zendako LPO eta beste inguramen egiturakoek ihizi mota hau zerratzeko irriskuan ezarri nahi duten.
Urtxo sasoina bururatua, orai pekadaren sasoina hasi berria da eta behaketek erakusten dute pekada gazte ainitz badela aurten, xori horren ugalketa ona izan delako seinale.

Interesgarri izanen zaizu