Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Ikasleen bizitegien kezker erantzun nahi die Errecart Ikastetxeak, estudioak proposatuz

Hamahiru bizitegi berri proposatuko dizkie Donapaleuko Errecart lizeoak bere BTSeko ikasleer. Estudio ttipiak izanen dira, Donapaleun den Arthez etxean. Office 64 egiturak beregain hartzen ditu obrak, eta lizeoak alokatzeen ardura.

Ikasleen bizitegien kezker erantzun nahi die Errecart Ikastetxeak, estudioak proposatuz
Arthez etxean Gambetta karrikan kokatzen den eraikin handia da. IRULEGIKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2026/01/13 14:17

Donapaleuko Gambetta karrikan atxemanen duzue Arthez etxea. Aspaldiko lotura du Errecart lizeoarekin, duela 30 urte jadanik nesken barnategia izan baitzen. Gaur egun, bere ondoan diren eraikinak dira nesken barnategia, baita BTSeko ikasleendako egindako logela batzuk.

Aldi honetan eskaintza aniztu nahi du ikastetxeak, eta bizitegi arazoer erantzun bat eman nahi die. Berriztatzen ari diren Arthez etxea Parropiarena da, eta Office 64 egiturak berritzeko kontratua erdietsi du. Horren ondotik, hamahiru estudio ttipi utziko dazko lizeoari, bere BTSeko ikasleer aloka ditzan.

18-20 m²-koak izanen dira guti gora behera, 300€ inguruko prezioan. André Larralde Errecart lizeoko zuzendariaren arabera, urrats ttipi baizik ez da, bizitegi ttipiak eta gutti izanen direlako, ez aski BTS sailean diren 160 ikasleen beharrer erantzuteko; baina urrats bat. Bere erranetan, geroz eta gehiago entzuten dute bizitegien kezka. Prezioak gora doaz, ikasleen egoerak ez duelarik permititzen ehunak ezartzea alokairu batean.

Baldintza garrantzitsua izanen litzateke ikasleendako, ikasketak segitzeko lekuaren hautatzeko momentuan, barnetegiak edo bizitegiak berreskuratu ahal izaiteko. Larralderen ustez, oztopo bat da ainitzendako, Donapaleun eskaintzarik ez ukaiteko, kostaldean eta hiri handietan barnetegiak edo “CROUS” delako estudioak proposatuak zazkotelarik.

Obrak ongi aitzinatzen badira, Errecart lizeoak bizitegi berri horiek 2026ko sartzeako alokatu nahiko lituzke.

Interesgarri izanen zaizu