Ildo Xoriak koru berriak lehen aldiz kantatuko du publikoaren aitzinean, azaroaren 8an, igandearekin, Ortzaizeko elizan. Duela zenbait hilabete sortu talde mistoak 50 bat kantari biltzen ditu.
Baigura Kantuz Ortzaizeko parropia koruko eta Baigorriko Lagun Alai koruko kantariak bildu dira Ildo Xoriak talde berrian. Iholdiko hainbat kantari ere batu zaizkie, eta, orotara, 50 bat lagun ari dira elgarrekin kantuz, astean behin egiten dituzten entseguetan. Lehen kanaltia azaroaren 8an ukanen dute 16:00etan, Ortzaizeko elizan.
Kantu tradizionalak eta moldaketa berriak
Jean-Paul Idiart da koruaren zuzendaria. Kontzerturako kantu batzuen hitzak idatzi eta moldaketak egin ditu. Kantu tradizionalek ere toki berezia ukanen dute igandeko emanaldian. Lehen partean, Toto eta Lolo bikotea entzunen da. Xitoak talde ohiko bi kidek ez dira horretan geldituko: ondotik, korua lagunduko baitute.
Ortzaizeko kontzerturako sartzea librea izanen da. Lehen agerraldi horren ondotik, beste bi kontzertu emanen ditu koruak: azaroaren 29an, igandearekin, Iholdin, eta abenduaren 6an, igandearekin Baigorrin. Bi emanaldiak 16:00etan hasiko dira.