Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Indar garamen mintegiak sei enpresa berri errezibitu ditu aurten

Donazaharreko Lutxi eta Amikuzeko enpresa mintegiek Baxenabarreko ekintzaileei beren jarduera abiatzeko edo garatzeko aterpea eta laguntza eskaintzen diete. Urtero 100 eta 130 proiektu eramaile artean hurbiltzen dira Indar egiturara.

Indar garamen mintegiak sei enpresa berri errezibitu ditu aurten
Indar mintegia. AMIKUZEKO IRRATIA
Artzen Letona
2026/10/27 17:23

Baxenabarreko arlo ekonomikoa sustatzeko sortu den Indar Garapenak sei enpresa berri errezibitu ditu aurten, Donazaharreko Lutxi eta Donapaleuko Amikuze enpresa mintegietan. Bi egituretako erabiltzaileak Donazaharren bildu dira, elgar ezagutzeko eta mintegien aniztasuna eta mugimendua ezagutzeko.

Euskal Hirigune Elkargoarekin hitzarmena duen egiturak Donapaleu, Iholdi-Oztibarre eta Garazi-Baigorri eskualdeetako aktoreei laguntzen die. Urtero, 100 eta 130 proiektu eramaile artean hurbiltzen dira Indarrera, enpresa bat sortzeko edo egitasmo bati segida emateko. Philippe Bordak, egiturako arduradunak, zehaztu du proiektu horien %40 inguru gauzatzen direla.

Laguntza ez da enpresa sortzera mugatzen. Urtean 150 enpresa inguru joaten dira aholku eske, besteak beste, zergen, Urssafekiko harremanen, garapen komertzialaren edo formakuntzen inguruan.

Bulegoak eta tailerrak ekintzaileentzat

Mintegiek bulegoak eta tailerrak alokatzeko aukera eskaintzen diete lokal profesional baten bila dabiltzanei. Egonaldia gehienez lau urtekoa da; ondoren, enpresak beren lokal propioetara bideratzen saiatzen dira.

Aurten errezibitu dituztenen artean dira Elise Dupin, eraikuntza eta obra publikoko ingeniaria, eta Isaak Elguaien, Yukan Innovate enpresako arduraduna. Azken horrek teknologian oinarrituriko laguntza eskaintzen du lan astunak automatizatzeko, eta bere jarduera Ipar Euskal Herrian hedatzeko xedea du.

Topaketan, mintegien eginkizunaz ere eztabaidatu dute. Desadostasunak agertu dira Euskal Hirigune Elkargoaren politika ekonomikoarekiko, parte-hartzaile batzuek aniztasuna lehenesten baitute produktibitatearen gainetik. 

Interesgarri izanen zaizu