Mendibe (Baxe Nafarroa)

Iratiko Chalet Pedrok jabe berriak ditu

Ostatu jatetxea erosi dute Hazparneko Beñat eta Stéphanie Goihenetxek. Bainan gunearen kudeantza segurtatuko dute iratiko bortuan tokikoak eta ezagunak diren Argitxu eta Mirari Ouret-ek.

Iratiko Chalet Pedrok jabe berriak ditu
Chalet Pedro-ko Argitxu eta Mirari Ouret. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/05/07 11:41

Chalet Pedro-ren historia joanden lehen mende laurden hastapenekoa da, Pedro deitzen zen nafartar batekin abiaturik. Ofizioz mandozaina, puska karreuntza lanetan ari zen, eta iratiko xokoak untsa ezagutzen zituen. Kontrabanda garaian, leku horren erostea erabaki zuen eta ostatu gune bat ideki. 1976an Pedrok ostatuaren saltzea erabaki zuen, eta Cazenave familiak erosi zakon. Louis Cazenave-k leku hori garatu zuen. Anekdota gisa, ordu arteko elektrika errekan zen turbina baten bidez ekoiztua zena baliatzen zuten, 1982an elektrika iratiko oihan xoko hortara tiratu arte.

Isabelle-k (Zaza deitua), Louis bere aitarekin ikasi zuen ofizioa ttipidanik. Eta Chalet Pedro-ren gidaritza hartu 1989an, gaur egun arte. 37 urtez lanean arizan ondooan, saltzera emaiten du, eta primadera huntan  Hazpandarrak diren Stéphanie eta Beñat Goihenetxe-k erosten dute, ostatua eta ondoan diren bost aterpertxeak. Leku hunen kudeantza haatik, bortuan untsa ezagunak diren Argitxu eta Mirari Ouret izanen dira. Aintzildar laborariak dira, eta etxola ere dute iratiko bortuan. Chalet Pedroko ekipa osatu dute Kattalin eta Christophe-kin.  Eta elgarrekin nahi dute leku hau goxoa izan dadin denentzat, sukalde sinple bezain ona proposatuz, egin ahal hurbilekoa eta euskalduna.

Maiatz huntan astezkenetik igandera idekiak dira ; ondotik asteartetik igandera. Eta sasoin betean aste osoan. Proiektuetan dute ere animazio zonbaitzuen antolatzea, hala nola merkatu, kontzertu, menturaz iratiko pestak ere berriz abiatu.... Hori berantago ikusiko, lehenik ostatuaren untsa ibilaraztea izanen da lehen desafioa. Joan nahi duenak, jakin dezala Irati Soron aurkitzen dela Chalet Pedro, Garaziko mendi aldean.

Interesgarri izanen zaizu