Iturritik elkarteak errekak garbitzen ditu hilabete guziz

Duela hiru urte sortu zen elkartea, eta hilabetean behin Urepeletik Aldudera arteko eremuan hondarkin bilketak antolatzen ditu, natura zaintzeko helburu anbiziodunarekin.

Iturritik elkarteak errekak garbitzen ditu hilabete guziz
Pantxo Florez Iturritik elkarteko kidea da. IRULEGIKO IRRATIA.
Nahia Etxeberri Lopepe
2026/08/05 08:00

Iturritik

Hastapenean bilketa bakarra egiten zuten urtean, baina orain, hilabetean behin biltzen hasi dira Iturritik elkarteko kideak. Hilabete guzietako lehen igandean erreka edo ur leku bat hautatu, eta han egoten dira egun osoan, atxematen dituzten hondarkinak biltzen. Iturri ttipiak, Errobi eta bere besoak… Baigorri eskualdeko ur leku guziak egitea dute xede.

Pantxo Florez elkarteko kidea eta sortzailea da, eta esplikatu du bilketak ez dituztela lan bezala kontsideratzen, bihotzarekin egiten dutelako. 23-24 bilketa egin dituzte gaur arte, eta 25 hondarkin tona bildu: hiru laurdenak burdinez osatuak dira, eta beste laurdena plastikoz.

Laguntzaile beharra

Bilketetan giro ona badela erran du. Hitzordua 10:00etan emana da herriko plazan, eta 13:00ak arte ari dira. Denek elgarrekin bazkaldu eta, arratsaldean beste bizpahiru orenez segitzen dute. Ondotik, bildutako guzia Aldudera edo Baigorrira eramaten dute, pizatzeko.

Aldi guziz hamabost bat boluntario hurbiltzen dira, neguan pixka bat guttiago. Hondarkin kopuruaren ondoan ez da aski, eta jende gehiago hurbiltzea espero dute. Hala ere, pixkanaka elkartea ezagutua izaten hasten da. Bilketa guziz bideo bat zabaltzen dute sare sozialetan berrien emateko, eta mahai bat atxiki dute Nafarroaren Egunean. Pixkanaka herriko etxeaz hurbiltzen ere ari dira.

Atxikitzeko data

Salbuespenez, ondoko bilketa ez da agorrileko lehen asteburuan izanen, Baigorriko bestak baitira. Agorrilaren bederatzian, goizeko 10:00etan emana da hitzordua Bankako herriko plazan; Goikoetxea amuarraindegitik abiatuko da bilketa. Boluntario izan nahi dutenei deia luzatu die Pantxo Florezek, eta baita argazkiak hartzen edo beste edozertan lagun dezaketenei ere. Posible da ere goizean edo arratsaldean bakarrik agertzea.

Interesgarri izanen zaizu