Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Euskara ikasteko izen-emateak zabalik Amikuze eta Oztibarreko AEK-n

90 bat ikaslek segitu dituzte iaz Amikuze eta Oztibarreko AEKren kurtsoak, 12 taldetan banaturik. Ikasturte berria urriaren 5ean hasiko da, eta helduentzat euskara kurtsoak maila guzietan eskainiko dituzte, iniziaziotik alfabetatzeraino.

Euskara ikasteko izen-emateak zabalik Amikuze eta Oztibarreko AEK-n
Jojo Bordagarai (irakaslea), Mado Pouzard (Bulegoko kidea), Marie Savary (Bulegoko kidea), Bixente Claverie (irakaslea), Trukes Salles (irakaslea). AMIKUZEKO AEK
Artzen Letona
2026/09/07 08:01

Irailaren 7tik 16ra Donapaleuko gau eskolan, eta irailaren 9an Larzabaleko Espelletenia ostatuan, izena emateko eta informazioa hartzeko permanentziak izanen dira. Amikuze eta Oztibarreko AEK-k ikasturte berrirako euskara kurtsoak antolatuko ditu. Urriaren 5etik ekain bukaera arte, 32 astez, euskara ikasteko parada izanen da, maila guzietan. Astean 5 edo 6 oreneko kurtsoak izanen dira, egunaz edo gauaz.

Iazko ikasturtea 90 bat ikaslerekin bukatu zuen AEK-k, 12 taldetan banaturik, zortzi irakasleren artean. Urteko beste hitzordu baten gisan, martxoaren 19an 24. Korrika ere Donapaleutik pasatu zen, eta «karrikak jendez gainezka» bete zituen. Aurtengo leloa ere aurkeztu dute: «Euskara goxoki ikasi eta bizi».

Izena emateko permanentziak

Ikasturte berrian izena eman nahi dutenek permanentzietara joan daitezke. Donapaleuko gau eskolan izanen dira, Gambetta karrikako 36. zenbakian, irailaren 7tik 16ra, 13:00etatik 19:15era.

Larzabalen ere izanen da paradfa: irailaren 9an, 16:00etatik 19:30era, Espelletenia ostatuan.
Amikuzeko AEK-ko Bixente Claveri. AMIKUZEKO IRRATIA

Kurtsoak eta prezioak

Ikasleek AEK elkartearen kide karta hartu beharko dute, 40 eurotan. Bestalde, A2 mailatik goiti, kurtsoak CPFaren bidez pagatzeko aukera izanen dute, AEK-k Qualipi ziurtagiria duelako.

CPF erabili ezin dutenentzat, kide prezioak honela finkatu dituzte:

  • Astean 2,5 eta 3 orduko kurtsoak: 300 euro, edo 260 euro zerga hartze tasa %0 delarik.

  • Astean 4 eta 5 orduko kurtsoak: 400 euro, edo 350 euro zerga hartze tasa %0 delarik.

  • Astean 6 orduko kurtsoak: 415 euro, edo 365 euro zerga hartze tasa %0 delarik.

Kurtsoez gain, gau eskolak eta animazio taldeek ateraldi eta beste animazio batzuk proposatuko dituzte urtean zehar. Helburua ikasleen arteko ezagutza sustatzea eta jardueren bidez euskara erabiltzeko parada eskaintzea da. Informazio gehiagorako, Amikuze eta Oztibarreko AEK-rekin harremanetan jar daiteke amikuze@aek.eus helbidearen medioz edo 05 59 65 89 21erat deituz.

Interesgarri izanen zaizu