Basaizeak, Baztango Gazte Asanbladak, Baigorriko eta Erratzuko gazteek elkarlanean prestatu dituzte Izpegiko Bestak. Elkartasuna, memoria kolektiboa eta engaiamendu politikoa izanen dituzte ardatz.
Buruilaren 19 eta 20an, Izpegiko lepoa topagune izanen da, hirugarren aldikoz ospatuko diren Izpegiko Bestekin. Basaizeak elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak, Erratzuko eta Baigorriko gazteekin elkarlanean antolatu du ekimena, elkartasuna, memoria eta borroka politikoa uztartuz.
Antolatzaileen hitzetan, mendiaren gaina ez da hautatu kasualitatez: “Inposaketari aurre egiteko ekintza sinbolikoa da, herri baten batasuna aldarrikatzeko gogotik sortua”. Ekimenak izaera sinboliko eta politikoa izanen eta gazteek adierazi dute egitaraua herri harremanak indartzeko ez ezik, mugaz gaindiko elkarlana eta nortasun kolektiboa agerian emateko helburuarekin antolatu dutela.
Antolatzaileek dei egin dute ospakizunetik haratago joateko: «uste dugu ezinbertzekoa dela adieraztea ospakizunetik haratagoko pausoak funtsezkoak direla ideiak errealitate bilakatu nahi baditugu». Asimilazioaren aurkako borroka eta herri zapalduen arteko elkartasuna izan dira mezu nagusietako batzuk buruilaren 2an egin duten juntan ekimena aurkezteko. Zentzu horretan, Palestinako herriaren egoera gogora ekarri dute, Israelek daraman genozidioaren aitzinean nazioarteko pasibotasuna salatuz.
Egitaraua:
Ostirala, buruilaren 19an:
Hitzorduak Bereko Bentan hasiko dira, Iparretarrak taldearen inguruko mahai-inguruarekin. Mahai-inguru horren helburua memoria kolektiboa lantzea da, belaunaldien arteko transmisioa eta hausnarketa bultzatuz.
Larunbata, buruilaren 20an:
Goizean jarduera anitz, mendi martxa Baigorritik Izpegira, bizikletaz igaitea Baigorritik eta Erratzutik pontx pailazoaren emanaldia haurrentzat. Ondotik ekitaldi nagusia, zintzur bustitzea eta bazkaria gaita doinuekin
Arratsaldean: poteoa, txaranga eta batukada.
Gauean, Baigorriko Ikastolak antolatutako afariaren ondotik, kontzertuak Olaia Inziarte, Txopet eta DJ Üzkülüzekin.
Autobus zerbitzu bereziak antolatu dituzte Elizondo, Erratzu eta Baigorritik. Prezioa 4 eurokoa da, eta joan-jinak egun osoan bermatuko dituzte.