Donibane Garazi (Baxe Nafarroa)

Donibane Garaziko karrikak arrosez jantzi dira

Joan den aste hondarrean, Donibane Garazi arrosez jantzi zen. Urri Arrosaren harira, Garazi en Rose ekimenaren 10. edizioa iragan da, jendetsua eta arrakastatsua.

Donibane Garaziko karrikak arrosez jantzi dira
Garazi en Rose. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2025/10/06 12:13

Ekitaldiaren gune nagusietako bat lasterketak izan dira, eta aurten ere erantzuna ezin hobea izan da. Usaiako hiru lasterketetako bizkarrekoak goiz batez agortu ziren. Horrez gain, lehen aldiz haurrentzako lasterketa bat ere antolatu zen, eta horretan ere parte-hartze handia izan zen.

Lasterketez gain, Donibane Garaziko merkatu estalian hainbat tailer antolatu ziren. Elkarte eta kolektibo desberdinen informazio-mahaiak, haurrentzako gune bat, ongizate-tailerrak eta bestelako jarduerak atxeman zituzten bertaratuek.

Ekimenaren helburuak: sentsibilizazioa eta laguntza

Garazi en Rose ekimenaren helburu nagusiak sentsibilizazioa, informazioa zabaltzea eta minbizia duten pertsonendako laguntza ekonomikoa biltzea dira. Bildutako diruarekin, elkarteak urte osoan zehar hainbat ekintza eskaintzen ditu gaitz hau pairatzen dutenei.

Minbizia, anitzetan, isolamendura eramaten duen gaitza da. Horregatik, elkarteak hainbat tailer proposatzen dizkie minbizia dutenei: gimnasia, musikoterapia, ongizate-tailerrak, auto-konfiantza lantzeko espazioak, kimioterapiaren bigarren efektuak arintzeko arta paraleloak, eta beste hainbat laguntza, beti ere urririk eta profesionalen laguntzarekin.

Interesgarri izanen zaizu