Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Kirol egokitua, usu handi-kirolaren itzalean egoiten den praktika bat, Donapaleun agerian ezarria

Judo egokitu txapelketa bat antolatzen du urtarrilaren 11an, Donapaleuko Judo klubak, Pirinio Atlantikoetako kirol egokituaren komiteak lagundurik. Nahasmenduak, elbarritasun psikikoak eta mentalak dituzten kirolarier zuzendua zakote lehiaketa.

Kirol egokitua, usu handi-kirolaren itzalean egoiten den praktika bat, Donapaleun agerian ezarria
Ipar Euskal Herrian, kirolari bat baizik ez judo egokituan aritzen. IRULEGIKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2026/01/09 10:40

Judo egokitu txapelketa bat antolatzen du urtarrilaren 11an, igandez, Donapaleuko Judo klubak Donapaleun, Pirinio Atlantikoetako kirol egokituaren komitearekin batera. Lehen aldia da Donapaleuko judo elkarteak lehiaketa hori antolatzen duela, eta ez da kasualitatez Amikuzen iragaiten baldin bada aurten...

Kirol egokitua, nahasmenduak, elbarritasun psikikoak edo mentalak dituzten pertsoner zuzendua zakote. Garrantzitsua da kirol egokitua eta handi-kirolaren arteko desberdintasuna nabarmentzea, usu haien erabilpena korapilatzen delako. Handi-kirola, bere aldetik, ez ditu elbarritasun mentalak eta psikikoak hunkitzen, baizik eta elbarritasun fisikoak eta motor elbarritasunak, ikusmen urrikoak eta entzumen urrikoak.

Handi-kirolaren itzalean egoiteko usaia du kirol egokituak, segur aski kirolariek zailtasun gehiago dituztelako komunikatzeko eta ontsa agertzeko pantailetan. Hori dela eta, hedabideetan handi-kirol txapelketak agerian ezarriak baldin badira, ez duzue sekulan kirol egokitu txapelketaren ikusteko parada ukanen telebistako lehen katean. Alta, kirolariak hor dira, eta trumilka.

Igandean judo egokitua agerian ezarria izanen da. Ezagutzen dugun judoaren oinarriak dira, baina arauak egokitzen dituzte, praktika eskuragarria izan dadin profil guziendako. Hiru taldetan antolatzen da: elbarritu gogorrak, elbarritu ertainak eta elbarritasun ttipiagoak dituztenak. Gaitasunen arabera dute araudia moldatzen. Igandean adibidez, ez zaiteztela harri usaian onartua ez den prisa bat onartua izaiten ikusiz. Kirol hortan alternatiba gehiago onartuak dira, baita denboraren egokitzeak ere.

Igande hamazazpi parte hartzaile arituko dira tatamiaren gainean, baina bat baizik ez da Ipar Euskal Herritik jinen, beste guziak, biarnesak dira. Urtean zehar kirolariak klub arruntetan trebatzen dira txapelketaren prestatzeko, beste kirolariekin. Alabaina, klub guziek ez dute eskaintza hori proposatzen... Hala nola, Ipar Euskal Herrian Donapaleuk bakarrik. Txapelketa horrekin, helburu nagusi bat dute antolatzaileek, erakustea posible dela elbarrituen errezibitzea, laguntza eta egokitze errex batzuer esker.

Hitzordua urtarrilaren 11an, igande goizean, emana da. 10:00etan hasiko da kafe bero batekin, 10:30etan beroketa, eta 11:15etan hasiko da txapelketa, Amikuzeko kirol gelan.

Interesgarri izanen zaizu