Urriaren 24an eta 25ean, Kliska festibalaren laugarren edizioa iraganen da Baigorrin, natura eta argazkilaritza uztartuz. CPIE ingurumen zentroak antolaturik, ateraldiak, tailerrak, jokoak eta filmen proiekzioak izanen dira, denak urririk.
Baigorriko Plaza xokon bilduko dira zortzi argazkilari profesional. Paisaiak, hurbiletik hartu irudiak eta argazki artistikoak ikusteko parada izanen da. Argazki erakusketaz gain, Baigorri inguruko bi ateraldi antolatu dituzte. Ingurumen teknikari batek eta argazkilari batek lagunduko dituzte parte-hartzaileak, naturaren ezaugarriak hobeki ezagutzeko eta argazkitan hartzeko aholkuak emateko. Haurrek eta helduek ere izanen dute zer egin: pista jokoak eta argazki tailerrak antolatu dituzte, naturari beste manera batez begiratzeko.
Euskal Herria, film baten bidez zeharkaturik
Film proiekzioak ere egitarauaren parte izanen dira. Lionel Andiaren La montagne basque lana ikusteko parada izanen da, baita David Gracy eta Karine Coquelinen Mugan filma ere. Azken horretan, egileek Euskal Herrian barna egin bidaia erakusten dute. Joan den maiatzean abiatu ziren, oinez eta bizikletaz, bi hilabetez Euskal Herria zeharkatzeko. Orotara, 1.500 kilometro egin zituzten, eta bidean hartu bideo eta irudien bidez lurraldearen geografia erakusten dute.
Kliska festibala urriaren 24an eta 25ean iraganen da Baigorrin. Sartzea eta animazio guziak urririk dira. Ateraldietan parte hartu nahi dutenek, aitzinetik izena eman behar dute, CPIE zentrora deituz: 05 59 37 47 20.