Aurten Kliska Festibalaren 3. edizioa Baigorrin ospatuko da CPIE ingurumen zentroak antolaturik, urriaren 25ean eta 26an. Bi egunez, programa aberatsa eskainiko da, helburu argi batekin: gure ondare naturala ezagutaraztea eta balioan jartzea.
Duela hiru urte sortu zen Kliska argazki festibala, Euskal Herriko CPIE ingurumen-zentroarenganik. Helburua argia da: lurraldeko naturaren aberastasuna ezagutaraztea eta herritarrak haren balioaz kontzientziatzea. Aurten ere, Baigorrin ospatuko da, urriaren 24tik 26ra.
Festibalaren ardatza argazkigintza izanen da. Plaza Xokon sei argazkilariren bai eta elkarte batzuen lanak erakusketa batean ikusten ahalko dira, eta publikoak parte hartuko duen argazki-lehiaketa ere antolatuko da. Aurkeztutako hamabi irudien artean, bisitariek beren hiru gustukoenak hautatu beharko dituzte.
Argazkigintzan sakondu nahi dutenentzat, Mathieu Breton argazkilariak tailer bat eskainiko du, ondare naturala irudikatzeko oinarrizko teknikak erakutsiz.
Horrez gain, bi ibilaldi eginen dira: bat Baigorriko harrobi zaharreko laku inguruan eta bestea Adartzako lepo inguruan. Ingurumen-teknikariek eta argazkilari aditu batek lagunduko dituzte parte-hartzaileak, paisaien eta faunaren inguruko azalpenak emanez eta argazkigintzako aholkuak partekatuz.
Festibalak alderdi ludikoa ere izanen du: Plaza Xoko josta gune bihurtuko da haur eta familientzat. Ingurumenari lotutako mahai-jokoak, pista-jokoak, “escape game”-a eta Les Petits Débrouillards elkartearen tailerrak izanen dira, baita Komedia ludotekaren jarduerak ere.
Aurten, gainera, hiru argazki-lehiaketa antolatu dira, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Departamentalaren, Adour-Baiona Ur Agentziaren, Baigorriko Mendi Sindikatuaren, Euskal Hirigune Elkargoaren eta EHLGren laguntzaz. Lehiaketaren gaia “Artzaintza eta bioaniztasuna” da, eta hiru publiko mota gonbidatu dira parte hartzera: publiko orokorra, ikasleak eta adituak. Irabazleen lanak asteburu osoan zehar ikusten ahalko dira.
Egitaraua
Ostirala, urriaren 24a
19:00etan – Festibalaren irekiera ofiziala eta aurkezpena, zintzur-bustitzearekin.
Larunbata, urriaren 25a
10:00–18:00 – Argazki-erakusketa eta jokoak Plaza Xokon.
10:00–12:00 – Argazkigintza tailerra Mathieu Breton argazkilariarekin (urririk, aitzinetik izena eman behar da: 05 59 37 47 20).
14:00–16:00 – Ibilaldia Baigorriko harrobi zaharreko lakuraino.
Igandea, urriaren 26a
11:00 – Argazki-lehiaketako sari-banaketa.
14:00–16:00 – Ibilaldia Adartzako lepoan, Manon Marchand (CPIE) gidari. Aitzinetik izena eman behar da.
14:00–18:00 – Komedia ludotekaren mahai eta pista-jokoak Plaza Xokon.