Peña Donazaharre danborrada elkartearen 30. urte betetzearen ospatzeko sortu ikusgarriak herri oso bat bildu du. 160 bat parte-hartzailek, Donazaharreko historia eta nortasuna ekarri dituzte oholtzara.
Peña Donazaharre danborrada elkarteak 30 urte bete ditu aurten. Urtemuga berezi hori ospatzeko, 'Kontrapas' ikusgarria aurkeztu du uztailaren 24an eta, euriak bigarren emanaldia gibelarazi ondotik, 26an, Salha gazteluaren aitzinean. Lehen emanaldia mukuru bete zen, eta igandekoak ere arrakasta haundia bildu zuen.
Kabalkadaren izpiritua zuen ikusgarriak: antzerkia, dantza, bertsuak, kantuak eta danborrada uztartu ditu. Herriko 160 bat jendek parte hartu dute, adin guzietakoek, urte bateko lanaren fruitua ikusleen aitzinean eskainiz.
Herriaren historia, beste begi batez
Gillom Irigoienek idatzi duen testuak, Philippe Maytérekin lankidetzan, Donazaharreko historia kondatzen du, erromatarren garaitik gaur arte. Baina historia ofizialetik haratago joan nahi izan du, herriaren beraren memoria eta nortasuna argitan ezarriz. Donazaharreko historia haundian pasatu diren erromatarrak, Santiago bidea, hainbat inbasio edo Napoleonen garaia aipatzen badira ere, ‘Kontrapas’-ek herriaren beraren gertakari eta pertsonaiei ere eman die tokia. Horien artean da Ximun zapatazaina, Luis XIV.ari oldartu eta horregatik urkatua izan zen donazahartarra.
Ordokia, herriko lantegiak eta Etxepare
Ikusgarriak gaur egungo Donazaharre ere ekarri du oholtzara: ordokia, herriko lantegiak eta ekonomiaren mundua, umorez eta irudimenez landuak. Silicon Valley-ri keinu eginez, Donazaharreko ordokiari bere balioa eman nahi izan diote. 'Kontrapas' izenburuak berak ere Bernard Etxepareri egiten dio keinu. Lehen euskal liburuaren egilea zuzenean agertzen ez bada ere, hari lotutako pertsonaia baten bidez ekarri dute haren oihartzuna.
Kantuak Thierry Biscaryk zuzendu ditu; dantzak Patricia eta Patrik Larraldek moldatu dituzte; taula zuzendaritza, berriz, David Ondarsen esku izan da. Donazahartarrek luzaz gogoan atxikiko duten emankizuna izan da.































































