Peña Donazaharre danborrada elkarteak bere 30. urtebetetzea ospatzeko “Kontrapas” izeneko ikusgarri handia apailatzen ari da, uztailaren 24 eta 25ean emanen dena.
Peña Donazaharre 1996an sortu zen, eta geroztik herriko kultura eta besta giroaren sustatzaile nagusietarik bat da. Usaia bilakatu den bezala, urtemuga bereziak ikusgarri handi batekin ospatzen ditu elkarteak, eta aurten ere ez dute huts egin nahi izan. Horretarako, herritar guziak gomitatuak izan dira proiektuan parte hartzera, izan antzerkilari, dantzari, musikari edo kantari bezala. 150 bat herritar bildu dira proiektuaren inguruan.
Ikusgarriak “Kontrapas” du izena, eta izen horrek badu bere erranahi sakona. Alde batetik, “Kontrapas” Linguæ Vasconum Primitiæ liburuan agertzen den olerki ezaguna da, Bernard d’Etchepare dunuzariztarrak 1545ean argitaratua. Geroago, Xabier Letek kantu bilakarazi zuen 1974an. Bestalde, kontrapasa frantses militarrek pausua berreskuratzeko erabiltzen duten erdi-pausua ere bada. Bi erranahi horiek uztartuz, ikusgarriak iraganaren eta gaur egungo herri biziaren arteko urratsa irudikatu nahi du.
Kabalkada moldeko ikusgarria
Kabalkada gisako ikusgarria izanen da, baina kantuari toki gehiago emanez. Proiektuaren gidaritza artistikoa hainbat sortzaileren esku da: Gillom Irigoien da testuaren idazlea, Thierry Biscarrik kantuen ardura hartu du, Patricia eta Patrik Larraldek dantzena, eta David Ondars da taula-zuzendaria. Horrez gain, beste hainbat laguntzaile ari dira lanean.
Herri baten historia oholtzan
Gillom Irigoien idazleak azaldu duen bezala, ez da gai faltarik Donazaharre bezalako herri batean. Ikusgarriak herriaren historia luzea jorratuko du partez: herri baten nortasuna, oroimen kolektiboa eta gaur egungo dinamika uztartuko ditu. Donazaharre, Hergarai eta Garaziko atzoko eta gaurko ixtorioak oholtzaratuko dira.
Erromanoen garaitik hasirik. Donazaharre pasagune estrategikoa izan da mendez mende, Nafarroa Garaira buruz zihoazen armada frankoren bidean. Baina “Kontrapas” ez da iraganari so geldituko: gaur egungo herriko bizia ere agertuko da, bereziki ordokian garatu diren enpresak eta eguneroko bizimoldea. Ikusgarria uztailaren 24 eta 25ean emana izanen da herriko plazan.