Amikuzeko Kopla Txapelketaren bigarren edizioa urriaren 25ean iraganen da, Amendüzeko eiheran. Lehiaketarik ez, bakarrik Baxe Nafarroako bertsolarien elkarrarazteko estakurua. Nor izanen da aurtengo publikoaren Topelduna?
Amikuzeko Kopla Txapelketaren bigarren edizioa urriaren 25ean iraganen da, ibiakoitzez, Amendüzeko eiheran. Amikuzeko Bertso eskolak iaz plantatu zuen saio hori, eta lehen edizio horrek animaleko arrakasta bildu zuen. Pettan Prebende Amikuzeko bertso eskolako kideak azpimarratu daukun bezala: lehiaketarik ez da, baizik eta Baxe Nafarroako bertsolarien elkarrarazteko momentua.
Amikuzeko bertso eskolako testuinguruan kokatu behar da topelketa hori. Lagunen arteko talde ttipi hortan, bertsoak bestari eta giro alaiari lotzen dizkiete, apairu edo trago bat jokaleku hoberena bilakatzen delarik. Saio bat plantatzeko garaia heldu zelarik, filosofi hori segitu behar zen. Kopla Topelketa giro lasai batean iraganen da, lekuaren emaiteko plazetan gutti entzuten diren bertsolarier.
Hala ere, ez bada lehiaketarik ere, Topeldun bat bada. Publikoak du epaimahainaren rola hartzen, gehien maitatu duen bertsolaria izendatuko du. Iaz Elixabet Etxandik zuen titulua eskuratu. Aurten, Xan Alkhat eta Ramuntxo Christy gai emaileekin batera, Battitt Crouspeyre, Gus Elizondo, Elixabet Etxandi, Nahia Etcheverry Lopepe, Goizane Etcheverry Lopepe, Peio Minhondo, Oier Urreizti, Pettan Prebende, Jean-Marie Oillarburu eta Bittor Thicoipe arituko dira. Bi partez antolatuko den saioan, koplak baizik ez dira izanen, ofizio arruntak, musikatuak edo ez.
Amikuzeko bertso eskolak bigarren aldikotz eramaiten du proiektua, baina xedea argi dute, Baxe Bafarroan herriz herri mugitzea eta beste taldeek segida haien gain har dezaten. Pettan Prebende, Bittor Thicoipe, Ramuntxo Christy eta Elixabet Etxandik dute Amikuzeko talde ttipi hori osatzen. Baina kopuru ttipi horren emendatzeko asmotan ibiltzen dira, transmisioa landu nahian, gazteen hurbilarazteko. Preseski, Bertsolarien Lagunak elkarteak eta Donapaleuko Herriko Etxeak lan berezi bat eramaiten dute aurten bertsolaritzaren bultzatzeko eskoletan.
Usaian informalki ari badira ere, aurten asto belarriek serioski lotu behar dute, denek Xilaban parte hartuko dutelako negu honetan. Lehen fasearen kari, Elixabet Etxandi Bidarten arituko da azaroaren 8an, Ramuntxo Christy Ainhoan azaroaren 22an, eta Bittor Thicoipe eta Pettan Prebende Ligin azaroaren 30an.
Urriaren 25ean iraganen da Kopla Topelketa, Amendüzeko eiheran. 18etan hasiko da, eta jateko eta edatekoa izanen dira lekuan berean.