Elikaduraren ekoizpena kalitatezkoa, ahal bezain eskuragarri eta errentagarri izan dadin laborantxa herrikoiaren tresnak ikertu ditu Mickaël Denis Shik “Leurs Champs du Coeur” dokumentalean. Lurramaren kari, Donapaleun hedatuko dute.
Nola egin elikaduraren ekoizpena kalitatezkoa izan dadin, lansari bat eskain dezan, eta ahal bezain eskuragarria izan dadin? Galdera horren inguruan eraiki du “Leurs Champs du Coeur” dokumentala Mickaël Denis Shik. Azaroaren 3an, astelehenez, 20:30etan, Donapaleuko Saint Louis zine gelan hedatuko dute, Lurramaren kari.
2024an argitaraturik, hamabi etxaldetan ibili izan zen filmegilea, laborantxa herrikoaren deskubritzeko. Laborarien zailtasunak zein edertasuna agerian ezarri nahi izan ditu, sistemak sortzen dituen oztopoak eta zepoak nabarmenduz.
Lurrama Euskal Herriko Laborantxa Ganbarako (EHLG) saloinak, bere hogeigarren edizioa ospatuko du aurten “Bihar ere laborari” lemapean. Gai horri buruzko lau dokumental hedatu dituzte saloinaren hastapena baino lehen. “Leurs Champs du Coeur” dokumentalean bezala, laborantxa herrikoia eta laborari gazteen instalazioer buruzko kezkak argitan ezarri dituzte.
Filmaren ondotik solasaldi bat eramanen du EHLGko Emilie Chomard-ek, bi laborariren lekukotasunarekin. Baikoarra izan nahi du dokumentalak, eta Emilie Chomard azaldu daukun bezala, parada izanen da Ipar Euskal Herriko aitzinamenduen azpimarratzeko, geroz eta praktika herrikoi gehiago bultzatzen ari baitira gure lurraldean.